Gizonezko bat atxilotu dute, autoan emakume bat erasotzeagatik
Ertzaintzak 57 urte gizonezko bat atxilotu zuen, igande gauean, Ormaiztegin. Errepidean autoz zihoazen, eta aldamenean zuen emakumezkoari eraso egin zion, ukabilkadak joz. Genero indarkeria delitua leporatu diote, baita bide segurtasunaren aurkako delitu bat ere, autoa errepide bazterrean utzi zuelako.
Gertakaria igandean 20:30ean izan zen, Olaberrian. N-1 autobidetik Gi-632 autobiderako hartunean, Frantziako matrikuladun autoa bide ertzean gelditu zen. Zirkulazioa gerarazi zuen. Gidari-ondokoaren lekuan eserita zegoen gizonezkoak gidari zihoan emakumezkoa ukabilez jo zuen, lekuko batek ikusi zuenez. Lekukoa laguntzera joan zitzaion emakumezkoari, kotxetik irten ondoren. Anbulantzian osasun zentro batera eraman zuten.
Ustezko erasotzaileak, bolantea hartu, eta kotxearekin Gi-632 autobidean aurrera jarraitu zuen, Ormaiztegi aldera. Geroxeago Telleriko irteeraren parean aurkitu zuten ertzainek autoa, bide bazterrean geldituta, eta “alkoholaren eraginpean”. Genero indarkeria eta bide segurtasunaren aurkako delitu bana egotzita, atxilotu egin zuten. Tolosako Auzitegiaren esku gelditu zen gizonezkoa, atzo.