Musika lokaletan lapurreta jasan zutenei laguntzeko kontzertua antolatu dute
Duela aste batzuk lapurreta egin zuten Legazpiko musika lokaletan eta bertan entseatzen duten taldeek Subeltza Eguna antolatu dute lapurreta jasan zuten taldeei laguntzeko.
Kontzertua larunbatean egingo dute, Urbeltz pilotalekuan. Subeltza kolektiboko zortzi taldek joko dute. 18:00etatik 21:00etara Estado Kritiko, Elbereth eta Arraio taldeak arituko dira eta 22:00etatik 02:00etara Pepe Botika, Cuarto de Hora, The Nekrobabies, Vancouver eta One Way.
Sarrerak bost euro balio du. Gaztetxean eta Kukue, Karibe Zaharra, Giroa, Oilarra, Katilu eta Urbeltz tabernetan jarri dituzte salgai. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, pilotalekuan bertan. Gainera, pilotalekuan taberna jarriko dute.
Musika taldeek Legazpiko Udalaren laguntza dute: kontzertuko musika ekipoa berak ordainduko du eta musikariek esker ona azaldu nahi diote udalari.
Subeltza Kolektiboko kideek lapurretak kideen arteko harremana estutzeko balioko duela uste dute. «Oraintxe hasi gara bilerak egiten», onartu du Iker Otegik. «Bestalde, kontzertua ondo egongo da, egiten dugun lana herriari erakusteko», gehitu du Alain Narbonak.
Industrialdeko lokaletan hamabi taldek entseatzen dute eta elkarte bezala eratuta daude. «Jende asko gaude eta zaila da dena ondo antolatzea. Hainbat saiakera egin ditugu, baina ez da erraza. Kontzertuak horretan lagunduko du», aipatu du Otegik. Herriari zerbait eskaintzera behartuta daudela uste du Otegik. «Lokal hauek doan dira eta zerbait egin behar dugu horren truke. Lapurreta gertatu aurretik kontzerturen bat antolatzeko asmoa genuen eta orain are eta arrazoi gehiago ditugu horretarako», dio Narbonak.
Segurtasun sistema
Kalean jendearen elkartasuna nabaritu dute eta herritarrei kontzertura joateko eskatu diete. Izan ere, lapurrek egindako kaltea handia izan zen: Cuarto de Hora eta Vancouver taldeei 6.000 euro balio duen materiala ostu zieten. Kontzertua antolatzeaz gain, lokaletako seguritate sistema aldatu behar dute. Eraikina udalarena da eta berak ordainduko du sistema berria.