Movember, elkartasunaren bibotea
Asteazkeneroko hitzorduarekin bat eginez, pintxo-bibotea egingo dute gaur.
Historian zehar artista, pentsalari, zientzialari nahiz iraultzaile askok erakutsi dute ezpain gaineko ileek izan dezaketen indarra. Nola gogoratuko genuke Albert Einstein bere bibote iletsurik gabe? Bere berea zuen Charles Chaplinek ere mini-bibotea edo Pancho Villak mexicar esaguratsu hura. Luzea da biboterik gabe nekez irudikatuko genituzkeenen zerrenda: Friedrich Nietzsche, Salvador Dali, Adolf Hitler, Freddie Mercury, Hulk Hogan nahiz Porrotx bera. Zeresan ugari piztu izan zuen Frida Khalorenak ere.
Hain justu ere oinarrizko tresna du bibotea Movember mugimenduak jendearen arreta bereganatzeko. Egitasmo honekin bat eginez, gero eta gizonezko gehiago dira Ordizian azaroan zehar bibotea hazten uzteko pausua ematen dutenak; elkartasun keinu bihurtu dute.
Osasunean arreta jartzeko
Australian 2003 urtearen bueltan jaio zen egitasmoa eta pixkana herrialdez herrialde zabaltzen joan da. Urtero, azaroan, gizonezkoei bibotea uzteko gonbita egiten diete. Helburua gizonezkoek euren osasunean arreta jar dezaten lortzea da; bereziki gehien eragiten dien gaixotasunez ardura daitezen, prostatako edo barrabiletako minbiziaz. Euskal Herrian prostatako minbizia ikertzen duen Bilboko CIC Biogunera 140.000 euroko laguntza bideratu zen iaz egitasmo honi esker.
Ordiziara errugbi taldeko australiar eta zelanda berriar jokalarien eskutik iritsi zen egitasmoa orain hiruzpalau urte. Pixkanaka herrian zabaltzen eta finkatzen joan ondoren, iaz sortu zuten Ordizia MoTown taldea.
Pablo Sanchez taldeko kideak argi du bibotea, azken finean, «ikur bat» besterik ez dela. «Movemberren web atarian profilak sortzeko atala dago, ekarpenak egiteko eta programei buruzko informazioa jasotzeko; baina ez da bakarrik bibotea uztea eta eltzetxuetan dirua jasotzea. Movemberren helburua gizonak euren osasunaz kontzientziatzea da».
Prostata nahiz barrabiletako minbiziaz hitz egiteko garaian tabuak eta lotsak agertzen direla uste du Sanchezek: «Badirudi gizonei gure osasunari buruz eta batez ere prostatako minbiziari buruz hitz egitea asko kostatzen zaigula, horrek ‘gizon izaerari’ eragingo balio bezala», dio. Horregatik Movemberrek sustatu nahi duena da gaixotasunez hitz egiteaz gain, gizonak animatzea mediku kontrolak eta osasun azterketak aldiro egitera. «Hori gu guztion ardura da, bai MoBros gizonena eta MoSistas emakumeena ere», dio Sanchezek. Hain justu ere, egitasmoa finkatzen joan den heinean, emakumeei ere parte hartzeko keinua egin diete.
Ordizian talde gisa funtzionatzen hasi diren arren ez direla «talde itxia» dio Sanchezek; parte hartu nahi duten guztientzat irekita dituzte ateak. Hasiera batean bakoitza bere kabuz hasi zen bibotea uzten, Movemberri buruzko informazioa sarean bilatzen. Denborarekin elkartzen hasi eta hainbat ideia lantzeari ekin zioten.
Gaur, pintxo-bibotea. Aste honetan bertan eman diote hasiera aurtengo kanpainari Ordizian Gure biboteak: zure osasuna goiburupean eta dohaitzak egiteko kontu korrontea ere ireki dute. Aste honetarako hainbat ekintza prestatu dituzte. Asteazkeneroko pintxo-potea aprobetxatuz, esate baterako, gaurkoa berezia izango da pintxo-bibotea antolatu dutelako. Larunbat honetan, bestalde, mozorro festa egingo dute.













