Plan Orokorra osatzeko, herritarren ekarpenak jasotzeko partehartze prozesua hasi du Beasaingo Udalak. Prozesu luzea da, herria osotasunean hartu behar delako kontuan.
Herritarrek ulertzeko moduan; zer da Plan Orokorra?
Herriaren antolamendua erabakitzea da: zer lekutan zer gauza egin, eta zeinetan zer ez; etxebizitzak, gune berdeak… Egun daukagunean oinarrituta, etorkizunean eduki nahi dugun Beasain nolakoa egingo genuekeen pentsatzea da. Beasain erakargarriagoa eta atseginago izan dadin, zer aldatuko genukeen pentsatzeko unea da. Hemen zer nahi dugun eta hurrengoei zer utzi nahi diegun pentsatu eta ekarpenak egiteko unea da orain, eta hori definitzeko tresna da Plan Orokorra.
Parte hartze prozesu bat jarri duzue martxan horretarako. Zer egingo duzue prozesu horretatik ateratakoarekin?
Jasotzen dugun informazioarekin diagnosi bat egingo dugu. Guretzat prozesuko zati garrantzitsua da diagnosia.
Orain haurrekin eta elkarteekin egoten ari gara, euren ekarpenak jasotzeko, eta laster hasiko gara auzoka, gai konkretuen inguruan, mahaika…
Jasotzeko garaia da: herrian zer eta nola egin nahi den jasotzeko garaia orain. Gero, proposamen horiek diagnosian irudikatuko dira, eta gero Plan Orokorra idatziko da.
Eskatutako dena betetzea ere ez da erraza izango.
Garbi daukagu ez garela hutsetik hasten. Esate baterako: denoi gustatuko litzaiguke eta oso polita litzateke Beasain erdigunean gune berde bat izatea, baina ez da posible. Zer behar dauden ikusita, zer espazio dauden aztertuko dugu, eraikitakoa erabili edo bota…
Edonork ulertzeko moduko bilerak izango al dira?
Informazioa ahalik eta ulerterrezenen ematen saiatuko gara, denek ulertzeko moduan. Informazio gehiegirekin betetzea ere ez da komeni. Informazio praktikoa eta ulergarria emango diegu, bilererako balio dezakeena.
Teknikari prestatuz osatutako talde bat antolatu duzue prozesu honetan laguntzeko. Horiek bileretara ere joango al dira?
Bilera batzuetara teknikoak ere joango dira, baina ez guztietara. Alorrez alor landuko diren bileretara, adibidez, dagokion teknikaria joango da, gaiaren arabera.
Zenbat denbora beharko da orain proposatutakoak gauzatuta ikusteko?
Hamar urte inguruan. Lehen zazpi urte inguruko iraupena izaten zuen: Lehenengoa 2007-2008 inguruan egin zen. Helburuak betetzen direnean aldatzen da Plan Orokorra.
Martxorako edo apirilerako eginda egongo da diagnosiaren txostena. Orduan aurrerakinekin eta erredakzioarekin hasiko gara. Bizpahiru urteko lana izaten da hau; aurrekoan lau urte pasa zituzten.
Saltsa handia da, beraz.
Bai-bai. Oso prozesu luzea da, herriaren osotasuna hartu behar da kontuan, eta sarri interes pertsonalak eta publikoak nahasteko arriskua egoten da.
Orain arte egin dituzuen bileretan zer nolako harrera izan duzue?
Oraindik parte hartzea kosta egiten zaigu, baina orokorrean jendeak ondo eta interesez erantzun du.