Eizu gaztelekuan eta Berritsu ludotekan dozenaka ekintza egingo dituzte Gabonetan
Gabonetako egitarauaren aurkezpena Eizun. Mikel Apaolaza, Leire Mendiaraz, Koldo Agirre eta Nerea Manzisidor
Beasaingo Udalak AisiHezi elkartearekin batera hainbat ekintza antolatu ditu Gabon garairako, herriko gaztetxoentzako. “Udalak gazteei begirako zerbitzuak bermatu eta sustatu behar dituela” dio Koldo Agirre alkateak, eta hala, bi ekimen aurkeztu dituzte gaur goizean, Eizu gaztelekuan:
Eizu gaztelekuko Gabon Gaztea egitasmoa eta
Berritsu ludotekako 9-12 urteko haurren matrikulazio kanpainak.
“5-8 urte arteko zerbitzua haur askok erabiltzen dute Berritsu ludoteka, bazkide askorekin, baina 9-12 urte artekoek ez diete hainbeste garrantzia ematen aisiari eta kosta egiten da haur horiek erakartzea” dio AisiHeziko Leire Mendiarazek. Horregatik,
9-12 urte bitarteko haurrentzat egitarau berezia prestatu dute gabonetarako “bultzadatxo bat ematearren”, eta ekainera bitarteko matrikulazio epea irekiko dute urtarrilean. Aurrez balio zuenaren erdia ordaindu beharko dute matrikularen izen-ematea (31,50 euro), eta beti bezala, haurraren izen-emate fitxa beteta eta arduradunak sinatuta, haurraren argazkia eta ordainagiria eraman beharko dira Berritsu ludotekara.
Abenduaren 22an ping-pong eta futbolin txapelketak egingo dituzte 16:30ean, abenduaren 23an slackline eta zirko tailerra egingo dute 16:30ean, 26an 16:30ean Zumba saioa egingo dute, 29an 11:00etan eta 16:30ean serigrafia tailerra egingo dute (arratsaldeko saioa udalak antolatuko duen gabon parkearen barruan egingo dute) eta abenduaren 30ean 11:00etan trufak egingo dituzte. Bestalde, urtarriletik aurrerako larunabatetan Berritsu ludoteka zabalik egongo dela gogorarazi zuten.
Berritsun bezala, Eizu gaztelekuan ere hainbat ekintza egingo dituzte Gabon hauetan. Abenduaren 20tik urtarrilaren 5a bitartean egunero izango dute zer gozatua, urte berri egunean izan ezik. Etxe guztietara bidaliko dituzte egitarauak, baina zenbait ekintza aipatzearren, esan,
txalaparta tailer berri bat egingo dutela, Euskal Selekzioaren partida ikustera eta Txuri-urdinera ere joango direla eta azken egunean bazkaria egingo dutela Eizun.
TRASH filmaren azala
Bestalde, beste behin, Zinegaz gaztetxoentzako espreski prestatuko pelikula bat emango dute abenduaren 20an, 19:30ean. Trash pelikula da gaztetxoek aukeratu dutena oraingo emanaldirako, Goikus elkartekoen laguntzarekin eta aholkularitzarekin. Ikasturte honetan emango dituzten hiru filmetako lehena izango da hau. “Istorioa gazteen baloreekin lotuta” dagoela azaldu du, gainera, Mikel Apaolaza gaztedia teknikariak. Filma hasi aurretik palomitak egingo dituzte Eizu gaztelekuan 17:00etan, eta handik, denak batera joango dira zinemara. Emanaldi horretako sarrera ohi baino merkeagoa izango da (hiru euro) eta inguruko herrietako gaztelekuetako gazteak ere gonbidatuko dituzte.
Agirrek eskerrak eman nahi izan dizkie Txilibutxof, BKL, Batzokia Kultur Elkartea eta Goikus Elkarteari eman duten laguntzagatik.