Argazkia: Ruben Sanchez
CRC Pozuelo hartu zuen Ampo Ordiziak atzo etxean, hamabigarren jardunaldian. Madrildarren aurrean irabazita, sailkapen nagusiko zazpigarren postuan finkatu dira ordiziarrak.
Indartsu eta gogoz, garaipenaren bila irten ziren lehen minututik Ampo Ordiziakoak. Lehen entsegua bosgarren minutuan lortu zuten. Ondoren, Danny Krollek trasformaturiko zigor kolpearekin 8-0an jarri zuten markagailua. Une horretan goierritarrak lasaitu eta Madrilgo taldeak zelaiaren kontrola bereganatu eta markagailuari buelta eman zioten (8-10). Atsedenera joan baino lehen, Richard Muagututiaren jokaldiari esker berriro ere markagailuan aurretik jarri ziren (15-10).
Bigarren zatian Ampo Ordiziak bere horretan jarraitu zuen; garaipena lortzeko asmoz atera ziren berriro. Praktikotasunera jo eta hirunaka hirunaka aldea atera zuten markagailuan; Danny Krollek lau zigor kolpe lortu zituen markagailua 27-10ean jarriz. Partida amaitzeko hogei minutu falta zirenean Asier Alvarez de Eulatek lortu zuen hirugarren entsegua. Denbora eta grina soberan zituzten, Ampo Ordiziak borrokan jarraitu zuen erasoko bonusa lortu zuen arte bost minutu geratzen zirenean, 48-10 amaitu zuten. Gustura zeuden zaleak harmailetan, baita entrenatzaile eta jokalariak ere.
[nggallery ID=71]