PSEk hilean 25 euroko gehieneko tarifa 'laua' proposatu du garraio publikoaren erabiltzaileentzat
Lurraldebus multzoko autobusak eta Renferen aldiriko trenak erabiltzeko litzateke proposamena, 2015eko udal eta foru hauteskundeei begira egin duena. Goierriren kasuan, herri arteko eta eskualde batetik besterako garraio publikoan “benetako apustua” egin beharra dagoela aurreratu du PSEren Gipuzkoako exekutibako Garraio idazkari Mikel Diezek. Garraio publikoan hilean 25 euroko tarifa laua jartzea da asmoa, AP-8 eta AP-1 autopistetan auto erabiltzaileekin egiten den bezala. Mugikortasun iraunkorra lortze aldera, ekimen hori garraio publikora zabaldu beharra dagoela gaineratu du.
Mugi txartela daukatenei aplikatuko litzaieke tarifa ‘laua’. Gehiago gastatuz gero, diru hori itzuliko litzaieke. Gaur egun Renfe ez dago garraio txartel bateratuaren ekimenean, eta hori ere sartzeko “lana” egin dezala esaktu dio PSEk Gipuzkoako Foru Aldundiari. “”Renfe da Goierritik irteteko garraio publiko bakarra, baina Mugi tarifaren barruan sartuta ez dago operatzaile bakarra ere bai. Aldarrikapen justua da aldundiari eskatzea Renfe ere sar dadin eskatzea”.
Goierritarren kasuan, Beasaindik Donostiara egunero joan-etorrian dabilenak hilean 180 euro gastatzen duela kalkulatu du PSEk, 89,2 euro Mugi txartela badaukate. “Alderdi sozialistaren proposamena aurrera aterako balitz, erabiltzaile bakoitzak 50 eta 75 euro artean aurreztuko lituzke hilean”, esan du Lazkaoko alkatetzarako hautagai Juan Manuel Sernak. Bilduri kritika egin dio, bere garraio politika ez delako “aurrerakoia” izan. “Azken bost urtean, garraio publikoaren erabilera kuota %5,5etik 4a jaitsi da”. Goierri, mugikortasun arloan, “utzita” dauakala aldundiak salatu du PSEk.