Goierriko Kopa pala txapelketa gaur hasiko da, Olaberrian
Goierriko bi pala elkartek antolatu duten V. Goierriko Kopa gaur hasiko da. Ordiziako Oiangu eta Idiazabalgo Atxurbide elkarteetako 11 bikotek parte hartuko dute. Paleta larruzko modalitatean ariko dira, Olaberriko pilotalekuan. Lehenengo bi partidak gaur iluntzean dira, 18:30etik aurrera.
Txapelketa kanporaketa sistemaz jokatuko da. Partida galtzen duen bikotea lehiatik kanpo geratuko da. Gaur, X. Berasategi-Agirre eta Luzuriaga-Goiburu bikoteak ariko dira, lehenengo partidan. Bigarrenean, Oiarbide-Andonegi eta Gutierrez-Zurutuza.
Final-zortzirenetako hirugarren jardunaldia datorren astelehenean (otsailak 16) izango da. Final-laurdenetan zain izango dituzte garaileek beste bikote batzuk. Finalerdiak martxoaren 9an jokatu ondoren, final handia martxoaren 15ean izango da, igandearekin.
Txapelketa 19. Korrikaren kultura-egitarauaren barruan txertatu dute.
![Oiangu elkarteko palari batzuk, beste lehiaketa batean./Hitza](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/02/Oiangu_pala.jpg)
Oiangu elkarteko palari batzuk, beste lehiaketa batean./Hitza