Herrien Goierrik laurehun urte
Eskualdeko hamabost herrik 1615eko otsailaren 4an eskuratu zuten hiribildu titulua. Bi mende lehenago auzotu ziren Seguragandik eta Ordiziagandik bereizi ziren. Koroaren diru premiak ahalbidetu zuen titulu erosketa. Hiribildu bihurtu zirenetik 400 urte bete dituzte Goierriko hamabost herrik (gaur egun horietako bi auzo dira), aurten. 1615eko otsailaren 4an erosi zituzten tituluak. Urtemuga hori ospagai hartu dute zenbait udalek; historiako une hartaz gehiago jakiteko irrika beste batzuek. Bakarren batek, «herria sortu» zeneko urteurrentzat ere ulertu du, oker. «Lehendik baziren herri horiek. Ez hiribildu tituluarekin, baizik herrixka, kontzeju, kolazio edo parrokia izenarekin», argitu du EHUko Erdi Aroko, Aro Modernoko eta Amerikako Historia Saileko Alvaro Aragon irakasleak. Bi mende lehenago hirietara auzotu zirenean, haien jurisdikzioen pean geratu ziren herrixkak. 1384an Segurara batu ziren, auzo gisa, inguruko herriak: otsailaren 4an Areriako alkate Garcia Lopez Zumarraga; otsailaren 28an Legazpi; martxoaren 20an Zerain, 22an Ormaiztegi eta 23an Astigarreta eta Gudugarreta; apirilaren 15ean Mutiloa; ekainaren 12an Zegama; eta uztailaren 6an Idiazabal. Ezkio, Urretxu eta Zumarraga 1405ean sartu ziren Seguraren menpekotzan. Ikusgarritasuna lortu Ordiziara, 1399ko apirilaren 8an auzotu ziren zortzi herri eta Lazkaoko sei biztanle. Auzo modura, XIV. mende bukaeratik 1615era, hiriko zergetan parte hartu behar izan zuten herri horiek. «Baina, bestela, herri arrunt bezala funtzionatzen zuten, bere batzar [...]
Eskualdeko hamabost herrik 1615eko otsailaren 4an eskuratu zuten hiribildu titulua. Bi mende lehenago auzotu ziren Seguragandik eta Ordiziagandik bereizi ziren. Koroaren diru premiak ahalbidetu zuen titulu erosketa.
Hiribildu bihurtu zirenetik 400 urte bete dituzte Goierriko hamabost herrik (gaur egun horietako bi auzo dira), aurten. 1615eko otsailaren 4an erosi zituzten tituluak. Urtemuga hori ospagai hartu dute zenbait udalek; historiako une hartaz gehiago jakiteko irrika beste batzuek. Bakarren batek, «herria sortu» zeneko urteurrentzat ere ulertu du, oker.
«Lehendik baziren herri horiek. Ez hiribildu tituluarekin, baizik herrixka, kontzeju, kolazio edo parrokia izenarekin», argitu du EHUko Erdi Aroko, Aro Modernoko eta Amerikako Historia Saileko Alvaro Aragon irakasleak.
Bi mende lehenago hirietara auzotu zirenean, haien jurisdikzioen pean geratu ziren herrixkak. 1384an Segurara batu ziren, auzo gisa, inguruko herriak: otsailaren 4an Areriako alkate Garcia Lopez Zumarraga; otsailaren 28an Legazpi; martxoaren 20an Zerain, 22an Ormaiztegi eta 23an Astigarreta eta Gudugarreta; apirilaren 15ean Mutiloa; ekainaren 12an Zegama; eta uztailaren 6an Idiazabal. Ezkio, Urretxu eta Zumarraga 1405ean sartu ziren Seguraren menpekotzan.
Ikusgarritasuna lortu
Ordiziara, 1399ko apirilaren 8an auzotu ziren zortzi herri eta Lazkaoko sei biztanle.
Auzo modura, XIV. mende bukaeratik 1615era, hiriko zergetan parte hartu behar izan zuten herri horiek. «Baina, bestela, herri arrunt bezala funtzionatzen zuten, bere batzar eta kontzeju propioekin», dio Aragonek.
Hiribildu edo villa titulua eskuratzeak zenbait eskumen ekarri zizkien herriei. «Batez ere erregearen jurisdikzio zuzenaren menpe egotea, eta, beraz, jauntxoen eskuetatik aldentzea». Bestetik, gizarte eta zigor jurisdikzioak jaso zituzten, biltzen zituzten zergak beren gastuetan eta beharretan erabiltzeko aukera lortu zuten; eta beste erakundeen esanetik irtetea, erabakiak hartzerakoan.
Burujabetasun hori eskuratu zutenean, 1615ean, Koroaren eta Batzar Nagusien aurrean ordezkari propioa izateko eskubidea ere jaso zuten herriek.
Titulua erosita, «erakunde administratibo ikusgarri bezala sortu» ziren hiribilduak. «Ordutik aurrera udaletxe propioak eraikitzen hasi ziren, beren mugak zehaztu zituzten, armarriak sortu… Azken batean, beren nortasuna besteekiko sendotu zuten, gaur egun ezagutzen ditugun herriak bihurtuz».
Gaur egun, urteurrenean ospatzeko ezer baduten galdetuta, Aragon irakasleak baietz dio.
Banatzearen arrazoiak
Bi mende pasa iraun zuen herrien auzokidetzeak, Seguran eta Ordizian. Baina XV. mende bukaeran eta XVI.ean zehar saiakera ugari izan ziren irteteko, herrixken aldetik. «1516an, Andoainek, Berastegik, Zegamak eta beste 23 herrixkak Koroari baimena eskatu zioten beren herri lurrak saltzeko eta hiribildu nagusietatik bereizteko. Legazpi, bere aldetik, Seguratik bereizten saiatu zen behin baino gehiagotan, arrakastarik gabe».
Egokiera, ordea, XVII. mendearen hasieran izan zuten, Gaztelako errege ogasunaren zailtasunak baliatuz. Europako gerren ondorioz Ogasuna lur jota zegoen, eta Amerikako altxorrak besterentzen ari ziren. Egoera ekonomiko larria iraultzeko diru iturri berriak ireki ziren: zerga berriak jartzen, eta hiribildu eta noblezia tituluak saltzen hasi ziren koroa osoan, ez euskal lurretan bakarrik.
Legazpik 1609an lortu zuen Seguragandik aldentzea, hiribildu bihurtuta. «Atea irekita geratzen zen, eta beste herrixkak gauza bera lortzen saiatu ziren hurrengo urteetan».
Lehenago ere izan baziren eztabaidak eta desadostasunak handitu egin ziren XVI. mendean zehar. Herriak hirietatik bereiztea eragin zuen, azkenean. 1615eko otsailaren 4an, Astigarreta, Gudugarreta, Idiazabal, Mutiloa, Ormaiztegi, Zegama eta Zerain Seguratik bereizi ziren; eta Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia Ordiziarengandik.
Oligarkia lokala indartua
Herriek edo kontzejuek, garatu ahal izateko, hiritik irten nahiaz gain, herrixketako handikiek eta jauntxoek ere interes berezia zuten burujabetasuna lortzeko. Oligarkia lokalak «ikusgarritasun politikoa eta ekonomikoa» irabazi zituen. «Ordutik aurrera, gainera, tokian-tokian lortutako indarra probintzia mailan ere garatzeko aukera izan zuten, eta handik Gortera jauzia eginez».
Hauspo politikoaz gain, ekonomikoa ere ez zen makurragoa oligarkiarentzat. «Hiribildu berrien jurisdikzioa eta eskumena beren esku geratu zen, eta horri esker, jarduera ekonomikoetarako behar zituzten lehengaiak beren kontrolpean geratu ziren. Adibidez, askok burdinolak zituzten, eta egurra herri-lurretatik atera zezaketen, udalean zuten itzalari esker, prezio nahiko baxuetan».
Ez hori bakarrik. Lurrak pribatizatzeko maukan ere posizio pribilegiatua zuten handiki dirudunek. Udal berriek, izaera administratibo berriarekin etorri zitzaizkien zorrei aurre egiteko, herri lurrak saldu zituzten. Bertako jauntxoek eskuratu zituzten lur horiek gehienak.