Kontsumo kontzientzia berria bultzatuko dute Beasainen, Igartza multzoan
Gaur hasi eta hilaren 22ra arte ekintza ezberdinak egingo dituzte
Kontsumo kontzientzia berria egitasmoa abiarazi du Beasaingo Udalak, bestelako kontsumo mota batzuk bultzatzeko dauden aukerak aurkeztuta. Horretarako, hitzaldi eta ekintza sorta antolatu du. Gaur arratsaldean da lehena. Bizilur elkarteak ‘Bide berriak’ ikus-entzunezkoa eskainiko du, 18:30ean, Igartzako jauregiko hitzaldi gelan. Hilaren 22ra arte luzatuko dira antolatu dituzten hitzaldiak eta ekintzak.
Kontsumoarekin lotutako hainbat alorrekin daude lotuta ekintzak, hala nola, energia, osasuna, elikadura, moda, eraikuntza… udaletxetik azaldu dutenez. «Kontsumitzen dena modu zentzudunagoan nola kontsumitu daitekeen beasaindarrei erakustea» da helburua.
Gaur egungo kontsumo joerak aztertu eta kontsumo hori adar ezberdinetan landu zitekeela ikusita hasi zen udala ekintza hauek prestatzen iaz.
Hau da Beasingo Udalak antolatu duen ekintza sorta:
- Gaur. Bide berriak ikus-entzunezkoa, Bizilur, 18:30, Igartzako jauregian.
- Bihar. Elikadura osasuntsua hitzaldia, Hurbileko Jalea. 18:30, Igartzako jauregian.
- Ostirala. Bioeraikuntza hitzaldia, Oreka eta BioEtxe, 18:30, Igartzako jauregian.
- Igandea. Burdinaren eguna, ekintzak 11:00etatik 14:00etara, Igartzako burdinolan.
- Otsailak 18, asteazkena. Energia kontsumitzeko eredu berri bat hitzaldia merkatarientzat. Goiner, 15:00, burdinolan.
- Otsailak 19, osteguna. Energia kontsumitzeko eredu berri bat hitzaldia euskara ikasleentzat, Goiener, 09:30, Igartzako jauregian.
- Otsailak 20, ostirala. Etxeko energia kontsumoa aztertzeko zerbitzua, Tolosaldea LH, 17:00, burdinolan. Energia kontsumitzeko eredu berri bat hitzaldia, Goiener, 18:30, Igartzako jauregian.
- Otsailak 22, igandea. Energiaren ibilbidea Igartzan eta tailerrak, Tolosaldea LH, 12:00, burdinolan.












