Ordiziako enpresa eta azpiegiturak bisitatu dituzte EAJko kideek
Herriko hainbat enpresa eta azpiegitura ezagutu eta herritarrekin elkartzeko Ordizian da gaur bisitan Markel Olano EAJren Gipuzkoako Aldundirako hautagaia. Ordiziako alkategai Jose Miguel Santamariarekin batera izen da goizean Orkli enpresan bisitan. Arratsaldean, berriz, San Bartolomeko auzotarrekin elkartzekotan dira eta D’elikatuzen hainbat herritarrekin batera topaketa ere egingo dute.
Goierriko industria “punta puntakoa” dela eta sektorea zaintzearen beharra nabarmendu du Markel Olanok Orkli atarian gaur eguerdian. “Gaur Orklira etorri gara, baina Goierrin enpresa indartsu ugari daude. Lurralde ikuspegitik eta herrien ikuspegitik, Ordiziarentzat izugarrizko garrantzia du lanpostuak sortzen direlako, berrikuntza eta geroz eta aberastasun gehiago”, zioen Olanok.
Enpresei “laguntza eskaini” behar zaiela aldarrikatu du EAJko kideak. Horretarako enpresariekin “harreman zuzena” izatea funtsezko jo du. “Gipuzkoan azken lau urteetan hori ez da horrela izan, enpresekin harremana eten egin da. Aurreiritziak daude, eta hori gainditu egin behar da. Ezinbestekoa da enpresa arduradunekin harremana estutu eta apustuak elkarrekin egitea”.
Jose Miguel Santamariak ere hartu du hitza prentsaurrean. Ordizian aurreko legegintzalditik martxan jarri diren egitasmoak nabarmendu nahi izan ditu; eta Garbigunea zein bidegorri-sarea aipatu ditu. Ordiziako Bilduri ere kritika egin zion Santamariak. Majoriko kanpoko eraikinerako diru-laguntzarik eskatu ez izana leporatu zion eta gizarte zerbitzuei dagokionez lan egiteko modua “hoztu” egin dela zioen.