Sutea izan da Beasainen, Foru kaleko etxebizitza batean
Goizeko 08:15ak aldera, sutea piztu da Beasaingo Foru kaleko etxebizitza batean. Hamabost bizilagun atera arazi dituzte euren etxeetatik; horietako bi, momentuan artatu dituzte, kea arnasteagatik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ez da inor zautitu. Beasaingo Udalak jakinarazi duenez, “sutearen ondorioz sortu diren kalte pertsonalak ez dira larriak izan. Kalte materialak, berriz, hasieran aurreikusitakoak baino arinagoak izan dira. Sutea piztu den etxebizitzan kalterik handiena logela batean gertatu da”.
Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiak direla medio, 3. solairuko etxebizitza batean piztu da sua. Suhiltzaileak berehala etorri dira, eta 09:00ak alderako, kontrolpean zuten sutea. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, sutea nola piztu den argitzeko.
Teknikariek baimena eman ondoren, bizilagunek etxean sartzeko aukera izan dute, baina sutearen ondorioz kaltetuak izan diren bizilagunentzat, etxean geratzeko aukera izan arren, udalak ostatu bat jarri du beraien esku, behar izanez gero, erabili dezaten.
Beasaingo Udaleko alkatea eta bi zinegotzi sutea gertatu den inguruan izan dira bizilagunei laguntza eta arreta eskaintzen, eta bertan izan diren gainerako bizilagunei “lehenego momentutik” erakutsi duten jarrera eskertu nahi die, “kaltetuei babesa adierazteagatik eta laguntza emateagatik”.