Asteburu honetan jarri da martxan autobus zerbitzu berria
Zerbitzu gehiago dituzte herritarrek bailaran mugitzeko.
Berritu egin du Gipuzkoako Aldundiak Goierrin eskaintzen duen Lurraldebus zerbitzua. Atzo jarri zuten martxan zerbitzu osatua: ordutegiak luzatu egin dira, goizean goizago hasiko dira eta gauean beranduago bukatuko dute. Maiztasuna ere areagotu egin da. Asteburuan ekin diote zerbitzu berriari, izaten den lasaitasuna aprobetxatuz, froga gisa.
Goierri beheko hiru herri nagusienak Beasain, Lazkao eta Ordizia, lotu egingo dira hainbat linea konbinatuz. Hiru herrien artean ordu laurdenero izango da autobus bat. Aldaketen ondoren, hauek dira finkatu dituzten autobus lineak: 1. Zaldibia-Ordizia-Beasain-Ihurre-Segura-Zegama; 2. Idiazabal-Ihurre-Beasain-Ordizia-Lazkao; 3. Olaberria Lazkao Beasain; 4. Legorreta-Itsasondo-Ordizia-Beasain-Lazkao-Ataun; Lazkao-Ordizia-Beasain-Ormaiztegi-Ezkio-Itsaso-Zumarragako ospitalea; 6. Gabiria-Ormaiztegi-Itsaso-Ezkio-Zumarraga; 7. Altzaga-Arama-Ordizia-Itsasondo; 8. Mutiloa-Zerain-Segura; 9. Gaintza-Ordizia eta 10. Donostia -Tolosa-Zumarraga-Bilbo.
Goierriko herrietako festetan, gauez, jaietako zerbitzua jarriko dute. Ordutegi berrien eta linea guztien berri ematen duen diptikoa osatu dute Goierrialdeak eta foru aldundiak, eta Goierri beheko etxe guztietan banatuko dute. Informazio guztia www.lurraldebus.eus webgunean ere eskura egongo da.