Boluntarioak: probaren beste habe nagusiak
Ehunmilietako probaren ibilbidean boluntario lanetan hamaika taldek eta dozenaka norbanakok jarduten dute. Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunakoak eta Zestoako Agiro Menti Taldekoak ...
Ehunmilietako probaren ibilbidean boluntario lanetan hamaika taldek eta dozenaka norbanakok jarduten dute. Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunakoak eta Zestoako Agiro Menti Taldekoak dira tartean, adibidez, eta Xoxotetik Hernio arteko ibilbide zatiaren ardura dute bi elkarteek.
Izarraitz mendikateko Xoxoteko aterpetik Arauntza gainera bitarteko ibilbide zatian jarduten dute Lagun Onak Mendi Bazkunako boluntarioek. Bide horretan, gainera, Azpeitiko Frontoi Txikian kontrol eta anoa postu batean ere egoten dira. «Gu egoten garen bide zatiak 8-9 kilometro inguru ditu, eta hogei bat lagunek jarduten dugu. Gau oso bateko lana da, probako aurrenekoa 23:30ak inguruan iristen da, eta kontrol postua 08:00etan ixten dugu. Lehen urteetan txanda bakar bat egiten genuen, gau osoa pasatuz. Orain, ordea, bi txanda egiten ditugu gure artean, hala arinagoa egiten da lana», dio Lagun Onak MBko Pedro Mari Aizpuruk.
Ehunmilian boluntario jardun zuten aurreneko urtea du gogoan Aizpuruk: «Behe laino handia zegoen, eta guk jarritako seinaleak ikusi ere ez ziren egiten. Orduan, mendi elkarteko egoitzara jaitsi, handik geuk erabiltzen genituen beste seinale batzuk hartu, eta ibilbidean jartzen aritu ginen».
Horrelakorik ere pasatu dute Zestoako Agiro Mendi Taldekoek. Arauntzatik hasi eta Zelatun bitarteko ibilbidean jarduten dute boluntario; hamabi bat lagun egoten dira. «Gurea ibilbideko punturik okerrenetakoa izango da. Gauez pasatzen dira parte-hartzaileak, eta beti behe lainoa egoten da, kostatik datorrena, eta ihintza ere egiten du. Ibilbidea harritsua da, eta labaina ere egoten da», dio Mikel Irure Agiroko kideak.
Ezusteko bat edo beste izan dituzte Agirokoek, gainera: «Orain bi urte-edo parte-hartzaile bat galduta zebilela komunikatu ziguten, eta han ibili ginen bila. Azkenenean, gu geunden tokitik 20 metrora zegoen, baina metro batera ere ez zen ezer ikusten, laino handia zegoen». Horregatik, proba egunean nahiko urduri egoten direla dio Irurek: «Ardura handia da, eta beti urduri egoten gara. Baina, ohitzen ere ari gara».
Antolakuntza ona
Hala ere, Ehunmiliak probaren antolakuntza «oso ona» dela diote Aizpuruk eta Irurek. «Une oro komunikatuta gaude antolatzaileekin eta kontrolekoekin, beraz, bateren bat galduta badabil berehala jakinarazten digute». Probaren antolaketa «izugarria» dela dio Aizpuruk: «Parte-hartzaile adina boluntariok jardungo dugu lanean. Antolatzaileek lan izugarria egiten dute, eta merezi dute laguntzea». Horretan ere bat dator Irure.
Probaren egunean ibilbidea zaintzen eta dena ondo joan dadin ariko dira boluntarioak. Baina, lasterketaren aurretik eta atzetik ere jarduten dute lanean: ibilbidearen bide zatia markatu eta seinaleak jartzen ariko dira. Proba baino hiru egun lehenagotik hasten dira bidea markatzeko lanean Agirokoak: «Mendi taldeko batzuk oporrak izaten ditugu garai honetan, eta ibilbidea markatzeko lan hori egiten dugu egun batzutan». Hauek zaintzen duten ibilbidearen zatia gauez egiten denez gauerako seinaleak jarri behar izaten dituzte: argiak, seinale islatzaileak… Gazume aldean, gain aldean, lurrean 300 metro luze den zinta bat jartzen dute, parte-hartzaileak ibilbidean zuzen joan daitezen.
Gero, proba bukatutakoan ibilbideko seinaleak jasotzeko ardura ere eurena izaten da. Urola aldera ibilbidearen 50 kilometro inguru eginda iristen dira parte-hartzaileak, eta gauez. Azpeitiko plazako kontrolean proba uzten dutenak «asko» direla dio Aizpuruk: «Atzetik datozen batzuk anoa postuan lasai egoten dira, atseden hartzeko denbora hartuta, baina asko izaten dira behin Azpeitira iritsita proba uztea erabakitzen dutenak».