Beasain futbol taldeko entrenatzaileak aurre denboraldi ona egin nahi du abuztuaren 22ko lehenengo partidara ondo iristeko.
![Urtzi Arrondo beasaindarra da Beasain futbol taldeko entrenatzailea.](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/07/IMG_8894.jpg)
Urtzi Arrondo beasaindarra da Beasain futbol taldeko entrenatzailea.
Iaz gertu izan zenuten 2. B mailara igotzeko play offa. Aurten zein helburu duzue?
Gure mailatik hiru talde igo direnez, badirudi goian egon beharko genukeela. Baina jokalariei esan diet, futbola ez da matematika. Badakigu helburua goian egotea dela baina gero ikusi beharko dugu zein puntutaraino ahal dezakegun. Egia da ilusio handiarekin hasten garela. Sei-zortzi taldek aukera daukagu goian egoteko. Iazko talde gehiena mantendu egin dugu eta ahaleginak egingo ditugu.
Aurreko denboraldian sailkapenean lasai samar ibiltzea zenuten helburua, eta bosgarren postuan amaitu zenuten.
Iaz Beasaingo bigarren taldeko jendea ere sartu genuen. Talde motza geneukan eta zalantza hori zegoen hasieran. Baina urtea ondo hasi genuen eta espero baino urte hobea egin genuen.
Jokalariei dagokienean, zeintzuk joan eta zeintzuk etorri dira?
Iazko hamalau jokalarik gurekin jarraitzen dute. Hiru baja izan ditugu: Realak utzitako, Pablo Sisniega eta Andoni Gorosabel joan egin dira, eta Azkoitiko Gorka Ribera Real Unioneko fitxatu du.Etorri direnetan, berriz, Mikel Diez dago. Beasaingo bigarren taldean zegoen eta gurekin entrenatzen zuen. Alavesetik, berriz, Jon Manuel zumarragarra eta Xabier Valdor gasteiztarra etorri dira. Juan Manuel aurretik ere Beasainen ibilitakoa da. Azkenik, Unai Etxeberria atezaina, Villabonakoa, Realak utzita egon den Antzuola taldetik dator.
Etxekoen aldeko apustuarekin jarraitzen duzue. Zaila da urtero iaz izan genuen progresioa izatea.
Iaz bi jokalari igo ziren bigarren taldetik eta maila oso ona eman zuten. Gurekin aurre denboraldia Beasaingo bost jokalarik eta Lazkaoko batek egingo dute. Nahiz eta epe motz-motzean ez izan, ea epe ertainean jokalari gehiago ikusten ditugun lehenengo taldean.
Zein partida jokatu dituzue aurre denboraldian?
Hilaren 25ean Gasteizen Vitoriaren aurka jokatuko dugu; 31n, Loinatzen Real Unionen aurka; abuztuaren 8an, Zubietan, Beriyoren aurka; 13an Azkoitian Anaitasunaren aurka eta 15ean etxean Hernaniren aurka.