Zinea aire librean Lazkaon eta Ataunen
Lazkaon 'Emarock' dokumentala eta Ataunen 'Samba' filma emango dituzte bihar gauean
Bihar gauean Lazkaoko Gazte Asanbladaren eskutik III. Dokumental eta Film Laburren proiekzioei segida emango diete. Emarock, emakumeak musika munduan dokumentala eskainiko dute 22:00etatik aurrera plazan. Ez da gau giroaz gozatuta, kalean zinea ikusteko aukera bakarra izango Goierrin. Ataunen ere, Zelaieta eta Intxaurrondo arteko plazan, San Martinen, zine emanaldia egingo dute.
Emarock dokumentala proiektu zabalago baten atala da. Proiektuak musikan ari diren emakumezkoak ezagutzera eman nahi ditu. Helburu horrekin Lazkaon bihar erakutsiko duten dokumentalaz gain, liburua osatu dute, erakusketa egin dute, Emarock Gaua antolatu dute eta abesti bat sortu dute propio. Proiektua 2011n abiatu zuten.
Ataungoa ere bihar izango da, 21:00etan. Samba filma emango dute, 7 urtetik gorakoentzat aproposa. Murkondo kultur elkarteak antolatutako lehenengo emanaldia izango da Zinea Gau Giroan zikloaren baitan.
Olivier Nakachek eta Eric Toledanok zuzendutako filmak Omar Sy eta Charlotte Gainsbourg ditu protagonista. Frantzian ekoitzitako lana da, iaz.