Gizonezkoen kategorian Hassan Ait eta Imanol Goñik osatu zuten podiuma. Emakumeen kategorian, Oihana Kortazarrek eta Alizia Olazabalek.
Axari Traileko irabazleak, podiumean. / Axari Trail
Atzo Axari Trail mendi lasterketa egin zuten Idiazabalen, hirugarren urtez, Mikel Garmendiaren oroimenez. Bi ibilbide prestatu zituzten aurtengoan ere: luzea, 25,4 kilometro eta 1.550 metroko desnibelarekin, eta motza, 16,4 kilometro eta 750 metroko desnibelarekin.
Ibilbide luzean 226 partaide izan ziren. Aritz Egea urretxuarra eta Maite Maiora mendaroarra izan ziren
irabazleak, iazko berberak. 2.00.42 denboran egin zuen ibilbidea Egeak, eta 2.19.20 denboran Maiorak. Hassan Ait villabonarra eta Imanol Goñi bizkaitarrak osatu zuten podiuma gizonezkoen kategorian. Emakumezkoen kategorian, berriz, Oihana Kortazar mutrikuarrak eta Alizia Olazabal irundarrak.
Ibilbide motzean, bestalde, aurten lehen aldiz edozeinek parte hartu ahal izan du —orain arteko bi edizioetan gazteek baino ezin zuten parte hartu—. 92 lagunek parte hartu zuten, eta
Asier Oiarbide idiazabaldarra izan zen irabazlea. Lehen emakumezkoa, berriz,
Irati Zubizarreta beasaindarra izan zen.
Sailkapenak kirolprobak.com webgunean ikus daitezke.