N-1eko bidesaria eta atez atekoa izan ditu gaur hizpide Olanok legealdiko ardatzak azaltzerakoan
Legealdiko ardatzak azaltzeko bilkura egin du gaur Markel Olanok Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Sei ardatz jarri ditu: ekonomia, gizarte politikak, hondakinak, gobernantza eredua, azpiegiturak eta kultura. Ardatz horien barruan egin dituen zehaztapenen artean daude N-1 errepidean bidesaria jartzea Irunen eta Etzegaraten, eta Deskargako lanak bukatzea.
Hondakinen atalean zehaztu duenez “hala eskatzen duten herrietan” atez ateko hondakin bilketa kentzen laguntzea eta errauste planta eraikitzea izango dira helburuak. Sail bakoitzeko diputatuek egingo dituzte zehaztapen gehiago gai bakoitzaren inguruan datozen egunetan.
Sei ardatz
Sei atalen artean egin dituen adierazpenetan zehaztu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak “defektuz” euskaraz jardungo du eta euskalgintzarekin harremana sendotu nahi du. Beste hainbat erakunderekin lankidetzan aritzeko asmoa ere agertu du Olanok, tartean Uemarekin, eta baita eskolaz kanpoko ekintzetan jarduten dutenekin, eskola kiroletakoekin, lan alorreko erakundeekin…
Bizikidetza esparrua ere hizpide izan dute gaurko agerraldian eta “oinarri etiko batzuk” bultzatuko dituztela zehaztu dute.