Ama Oiharte sagardo natural aparduna aurkeztu dute Zerainen
Oiharte sagardotegiak edari freskoa, ahoan fina, kolore argiduna eta burbuila txikiez osatutakoa prestatu du. Goierriko hainbat tokitan dago salgai, baita Interneten ereZeraingo Oiharte sagardotegiak badu produktu berri bat. Hainbat froga eta lanen ond...
Oiharte sagardotegiak edari freskoa, ahoan fina, kolore argiduna eta burbuila txikiez osatutakoa prestatu du. Goierriko hainbat tokitan dago salgai, baita Interneten ere
Zeraingo Oiharte sagardotegiak badu produktu berri bat. Hainbat froga eta lanen ondorioz lortu dute bilatzen ari ziren produktua: sagardo natural aparduna. Ama Oiharte, sagardo natu- ral aparduna izenpean aurkeztu zuten atzo, Oiharte sagardotegian. Bertan izan ziren, besteak beste, Goitur Goierriko Turismo Agentziakoo Niko Osinalde, Zerain Dezagun fundazioko Jakoba Rekondo, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza, Elikagaien Politika eta Landa Garapeneko sailburuordea eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko Arantxa Eguzkitza.Sagardo natural aparduna edari freskagarria da, ahoan fina, kolore argikoa eta burbuila txikiez osatutakoa. Sagardo natural batetik abiatu eta botilan bigarren aldiz fermentatzen dute sagardoa, xanpaina egiteko erabiltzen den antzeko prozesu tradizionala erabiliz, haiz zuzen. Prozesuak, gutxienez, sei hilabete irauten du, eta bukaeran lortutako produktua da hau. Aurkezpenean Oiharte sagardotegiko Haritz Egurenek azaldu duenez, sagardo hau oso aproposa da edozein ospakizunetarako. Gainera, ez du alkohol graduazio oso alturik: %7 ingurukoa, sagardoa baino %1 altuagoa.
Lote txikian merkaturatuko dute, eta hainbat lekutan izango da erosteko aukera: Zeraingo Turismo Bulegoan, Ordiziako D’ Elikatuz Turismo Bulegoan, Idiazabalgo gaztaren interpretazio zentroan, Igartuibeiti Baserri Museoan eta online, www.sagardo.com helbidean.
Sagardo Ama
Ama Oiharte izena jarri diote produktuari. Horren zergatia azaldu du Egurenek: «Sagardo natural batean ‘ama’ benetan garrantzitsua da, eta guztion bizitzan ere bai». Horregatik, etxeko produktu izarrari ‘ama’ izena jarri diote. Sagardoaren ama, liga izenez ere ezaguna da, eta sagardoan (edo botilan) geratzen den hondarrari deitzen zaio. Jakoba Rekondok azaldu du askotan, sagardo ‘ama’ hori ez dela ondo ikusia izan, eta geroz eta sagardo garbiagoa eta argiagoa lortzeko bidean kalitateari kalteak eragin izan dizkiola. Fundazioko kideak nabarmendu du Oiharteko produktu berri honek erakusten duela ‘ama’ horri beste aukera bat emanez gero, produktu oso interesgarriak lor daitezkeela.
Lehen sektoreari bultza
Bat egin dute Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Bittor Orozek eta Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko Arantxa Eguzkitzak. Bien ustez, aurrera pauso handia da lehen sektorearentzat produktu honen sorrera. Eguzkitza pozik agertu da Oiharte nekazalturismokoek egindakoarekin, eta atera duten produktuarekin. «Sagardoaren munduan ilusiorik gabe ez genukeen aurrera egingo», azaldu du. Bestalde, gogoratu du Oihartekoek Gipuzkoako Sagardo Elkartean sartu zirenean azaldu zuten ilusioa, eta ilusio hori nabarmendu du Eguzkitzak.
Jaurlaritzako sailburuordeak, bere aldetik, adierazi du Euskal Herriko lehen sektoreak etorkizuna izateko bertako ustiapen familiarretan oinarritu behar dela. Gainera, esan du sagardoak «etorkizun» handia duela, izan ere, duela egun batzuk Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat Mexikora joan zen, eta bertan sagardoak arrakasta izugarria izan zuen. Berrikuntza ere aipatu du. «Nik uste dut arrakasta izango duen produktua dela, oinarriak ahaztu gabe etorkizuna proiektatzeko berrikuntzak egiten jakin dutelako, eta prestigioa gehitzen diolako sagardoari».













