Ikastolak elkarlanean
Goierriko, eta Ziburuko eta Urruñako ikastolek elkarlanean bi jaialdi antolatu dituzte, aurten 19. aldiz. Azaroan Urruñan izango da eta abenduan Ordizian.
Azaroaren bukaerakoa ...
Goierriko, eta Ziburuko eta Urruñako ikastolek elkarlanean bi jaialdi antolatu dituzte, aurten 19. aldiz. Azaroan Urruñan izango da eta abenduan Ordizian.
Azaroaren bukaerakoa Urruñan eta abenduaren bukaerakoa Ordizian, ohiko hitzorduak bihurtu dira goierritarrentzat eta lapurtarrentzat. Urruñako eta Ziburuko ikastolak diruz laguntzeko, Goierriko ikastolekin elkarlanean bina jaialdi antolatzen dituzte azken 19 urteetan.
Denbora horretan Lapurdiko ikastolek urrats nabarmenak egin badituzte ere, Frantziako administrazioak hainbat oztopo jartzen dizkie, eta azken aldian ikastetxeen hornikuntzan dituzte beharrik nabarmenenak. Horretarako dirua lortzea da aurtengo jaialdien helburu nagusia. Baita bi herrietan giroa sortzea eta elkarlana bultzatzea ere.
Dantza ikuskizuna
Igandean dantza ikuskizuna izango da Urruñan egingo den jaialdian. Bilakak –Iparraldeko Koreografia Zentroa– hiru zatitan banatutako ikuskizuna eskainiko du: Zaharrak berri, Abbadie eta Negua. Zati bakoitza euskal koreografo baten sorkuntza da: Gari Otamendi, Jon Maya eta Mathieu Vivier. Hiru mundu koreografiko ezberdin dira, euskal dantzaren sustraien eta adierazpen abangoardiaren artean dabiltzanak.
Bilaka Euskal Herriko hainbat tokitako 30 bat musikarien eta dantzarien elkargunea da. Errepertorio tradizionala eta esperimentala landuz euskal koreografiari dinamika berri bat emateko asmoarekin sortu da.
Ordizian bi saio
Bestelako emankizuna izango da Ordiziakoa, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amalur ikuskizuna eskainiko dute, Majori kiroldegian, bi saiotan, abenduaren 27an. Bai Urruñako emanaldian zein Ordiziakoan, Goierriko eta Lapurdiko ikastoletako haurrek abestuko dute.
Egitaraua
Urruñan. Azaroaren 29an, igandea, 17:00etan, kiroldegian. Txalapartariak, Goierriko eta Urruñako haurrak kantari eta Bilaka dantza taldearen emanaldia. Goierritik Urruñara joateko autobusa doan izango da.
Ordizian. Abenduaren 27an, igandea, Majori kiroldegian, bi saio: 16:00etan eta 18:30ean. Goierriko eta Urruñako haurrak kantari eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots ‘Amalur ikuskizun berriarekin.