Gabon garaian, urtea bukatzearen balorazio aldian, asko ugaltzen dira gizarte onurarako egitasmoak. Beasaingo GH lantegian jostailuak bildu dituzte; Legorretan, azoka dute igandean.urtea bukatzera doa. Kontuak itxi, egindakoei begiratu, eta asmo gehiag...
Gabon garaian, urtea bukatzearen balorazio aldian, asko ugaltzen dira gizarte onurarako egitasmoak. Beasaingo GH lantegian jostailuak bildu dituzte; Legorretan, azoka dute igandean.

Urtea bukatzera doa. Kontuak itxi, egindakoei begiratu, eta asmo gehiago hartzeko garaia da. Eguberri garaiaren arrimura-edo, horren ondo joan ez zaienekin gogoratzeko ere unea bada. Eta elkartasun keinuak urtean zehar bestela ez bezala ugaritzen dira.
Izan kontzertu solidario, diru batze, elkartasunezko jaki bilketa edo ekitaldi benefiko, ezin konta ahala adibide topa litezke egunotan, Goierriren luze-zabalean. Esparru, adin aro, toki eta giro askotan, gainera.
Beasaingo Gruas GH enpresan, adibidez, jostailuak bildu dituzte hango langileek eta arduradunek. Gurutze Gorriak eta Adecco erakundeak kanpaina bat abian dute eskualde osoan, eta horrekin bat egin du GHk. Behar gorrian diren familietako haurrei emango dizkiete gero erakunde horiek jasotakoak, edo haientzat erositakoak.
Azoka Legorretan
Gabon egunean, bihar, eskean ibiliko diren taldeek askotariko helburuak izango dituzte buruan, diru-sos batzuk poltsaratzeko. Gizarteko saminak edo bizilagunen beharrak arintzeko.
Igandean, berriz, Legorretan izango da Elkartasun Azoka. 11:00etatik 14:00etara, bidezko merkataritzako produktuak salduko dituzte, plazan. Herriko elkarteek pintxoak eta sagardoa banatuko dute, eta 14:00etan produktuz beteriko saski bat zotz egingo dute.
Egitasmoarekin bildutako dirua garapen bidean den herrialderen batean lankidetza-proiektu bat finantzatzen laguntzeko izango da.
Elikagai Bankuak bilketa dei berezia egin du Legorretan, egunotarako. Bihar bukatuko da, eta hainbat lehentasun ezarri ditu, herritarrei hauek eraman ditzaten eskatuta: esnea, gailetak, azukrea, haurren pixoihalak, olioa, kontserbak edota txokolate hautsa. Aldiz, elikagai galkorrak eta edari alkoholdunak ez uzteko ere gogoratu du.
Igandeko Elkartasun Azoka girotzeko, bezperan, larunbatean, haur jolasak izango dira Legorretako plazan, 17:00etan.