«Itsasondoarrak oso jatorrak dira eta primeran hartu naute»
Niurmys Martinez (Habana, Kuba, 1976) goierritar batekin ezkondu zen eta Lazkaon bizi da. Farmazia ikasketak egin zituen eta Itsasondoko botikan lan egiten ...
Niurmys Martinez (Habana, Kuba, 1976) goierritar batekin ezkondu zen eta Lazkaon bizi da. Farmazia ikasketak egin zituen eta Itsasondoko botikan lan egiten du.
Ondo hartu al zaituzte?
Oso ondo. Itsasondoarrak oso jatorrak dira eta primeran hartu naute. Gainera, Maizpiden euskara ikasi nuen eta bezeroekin euskaraz egiten dut.
Zein dira botika salduenak?
Parazetamola eta ibuprofenoa asko saltzen dira. Dena den, azkenaldian produktu naturalek eta homeopatiak gorakada nabarmena izan dute.
Zein zaletasun dituzu?
Irakurtzea, musika entzutea eta dantza egitea.
Liburu bat.
Gabriel Garcia Marquezen 100 años de soledad. Literatura zientifikoa ere irakurtzen dut.
Musika talde bat.
Saltsa eta musika erromantikoa gustatzen zaizkit.
Janari bat.
Kubako janaria faltan sumatzen dut, baina hemengora moldatu naiz eta denetik jaten dut. Sagardotegiko menua asko gustatzen zait.
Edari bat.
Hemengoetatik sagardoa eta hangoetatik kubata.
Oporretarako leku bat.
Karibe, baina Venezia eta New York ezagutu nahi ditut.
Goierriko txoko bat.
Oiangu.
Amets bat?
Kuba eta munduko gainontzeko herrialdeen arteko harremana hobetzea.
Gorroto duzuna.
Gezurra eta hipokresia.
Itsasondoko alkatea bazina…
Herriari bizia ematen saiatuko nintzateke.
Lazkaon biziko ez bazina…
Donostian.