Ezkioko bidegurutzeko biribilgunea apirilerako amaitzea espero dute
Eguraldia lagun izan dute azaroan lanekin hasi zirenetik, eta martxa onean doaz. Lau irteera izango ditu biribilguneak: Zumarragara, Ormaiztegira, Ezkiora eta erreka gaineko zubira
Abiadura Handiko Trenaren lanen ondorioz, Ezkiora igotzeko errepideko bidegurutzea lekuz aldatu behar izan zuten bere garaian. Santa Lutzi-Anduagatik igotzen zen lehen; orain, berriz, gorago dago bidegurutzea, Zumarraga alderago. Lanak behin betiko amaitzeko, biribilgunea falta zen. Azaroan hasi ziren lanekin. Eguraldia lagun izan dute, eta martxa onean doaz. Apirilerako lanak amaituta izango direla uste dute udalekoek.
Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkateak adierazi duenez, lau adar izango ditu biribilguneak: Zumarragara doana, Ormaiztegira, Ezkiora eta erreka gaineko zubira. Lau puntu horien arteko konexioa egitea da biribilgunearen funtzioa.
Bigarrena, aurrerago
Aurrerago, zubiaren beste aldean ere biribilgune bat egitekoak dira, txikiagoa. Biribilgune horrek hiru irteera izango ditu: inguruko etxe eta baserrietara joango dena izango da bat, bestea AHTrako sarbide pribatua izango da, eta, azkena, industriagunera joango da. Lan horiekin ez dira hasi oraindik; oraingoz, behin behineko bidegurutze bat dute, eta biribilgune handiarekin amaitutakoan hasiko dira.













