Gure eskutik
Eskutik heldu zenien gurasoei, lehen pausu dardartiak emateko. Lehengusu edota lehengusinari, elkarrekin korrika ihes egiteko. Baita laguntxoari ere, erreka edo mendiko gorabehera zeharkatzen laguntzeko. Neska edo mutil-lagunarenari, oso modu eztian eragiten diozu, ilunabarreko ibilaldietan. Seme-alabenei, berehala egiten diezu tira, errepidea behar bezala gurutzatuko dutela ziurtatzeko. Aiton-amonen esku zimurtuei eutsi, eta oinazea baretzeko elkartzen dituzue denonak. Gertukoei heldu diezu eskua bizitzaren hainbat unetan, babesa eta maitasuna adieraziz.
Baina aurpegi ezezagunaren eskuari ere heldu genion 2014ko ekainean egindako giza-katean. Erdi lotsatuta baina harro, pozik, laztandu genituen elkarren esku-ahurrak, atzera eta aurrera olatuarena egiten genuela. Ezezaguna kide bihurtzen baita, emozio berdintsuak partekatzen ditugunean.
Beste behin ere besoa luzatzera gatoz, bidea eskutik egin dezagun; Goierrin ekainaren 19an herriz herri egingo den galdeketa gauzatzeko prozesuan bidelagun izan gaitezen. Gutunazala hautetsontzian sartzeaz gain, parte-hartzaile aktibo izan zaitezkeelako geurekin batera. Eta hori konpromiso handiegia balitz, jarraitzaile aktibo ere izan zaitezke Goierriko Hitzak webgunean sortu digun txoko honetan; bertan partekatuko baitugu gure eskutik, barrutik, datozen hilabeteetan biziko duguna. Etor zaitez gure eskutik!