IV. Ipuinen ahozko narrazio lehiaketa egingo dute Ordizian. Izena emateko azken eguna otsailaren 28a da. Helburua narrazioaren artea zabaltzea da

Aurten laugarrenez aukeratuko dute nork kontatzen dituen ipunak hobekien Ordizian. Abian da IV. ipuinen ahozko narrazio lehiaketa, eta bertan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du otsailaren 28a baino lehen. Hiru finalistak martxoaren 5an aukeratuko dira, eta irabazlea nor den martxoaren 18an jakingo da. Epaimahai bat egongo da horretarako, eta publikoaren botoek ere izango dute pisua lehenengo hirurak aukeratzeko garaian.
Ahozko narrazioaren lehiaketa honen helburu nagusia narrazioaren artea gizartean sustatzea eta zabaltzea da. Hain zuzen ere, Ahoz aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren barruan kokatzen da Ordizian egingo duten lehiaketa hau.
Hainbat oinarri
Ez da beharrezkoa profesionala izatea lehiaketan parte hartzeko, edonork parte har dezake. Hori bai, oinarri batzuk bete beharko dira. Parte hartu nahi duen orok email bat bidali beharko du
intujai@intujai.net helbidera, goiburuan ‘Ipuin lehiaketa’ jarriz. Bertan adierazi beharko ditu izen abizenak, ipuinaren izenburua eta egilea, eta kontakturako posta elektronikoa eta telefono zenbakia.
Parte hartzeko hogei euroko bermea jarri beharko du bakoitzak, seinale gisa. Partaidetza amaitutakoan itzuli egingo da diru hori. Bakoitzak, gehienez, ipuin bat aurkeztu ahalko du, eta ezingo ditu zortzi minutu baino gehiago iraun irakurriko den zatiak. Euskaraz kontatuko da.
Lehiaketak bi fase
Martxoaren 5ean, larunbata, 19:00etan izango da sailkapen gala, Ordiziako D´elikatuz zentroan. Lehenengo fase honetan lehiaketako partaide guztiek parte hartuko dute, zozketa bidez jarritako hurrenkeran.
Bi finalista epaimahaiak aukeratuko ditu, eta hirugarrena publikoaren boto bidez jakingo da. Irabazlea zein den jakiteko Ahoz aho narrazioaren gala nagusia egingo dute, martxoaren 18an, Barrena jauregian 22:00etan. Finalean, epaimahaiaren erabakia eta publikoaren botoak batuta erabakiko dituzte lehiaketako irabazlea, bigarren eta hirugarren postuak. Irabazleak 300 euroko saria eskuratuko du, bigarrenak 200ekoa, eta hirugarrenak 100 eurokoa.
Epaimahaiaren erabakia eta publikoaren botoa apelaezinak dira. Beraz, bertan jakingo da nor den lehiaketara aurkeztu den kontalari hoberena.