Inauterien bigarren ekinaldia
Ostegun gizenarekin batera hasi zituzten atzo inauterietako ospakizunak Goierrin, baina egunotan ere, ekitaldi sorta izango da. Gaur, esaterako, hainbat ikastetxetako umeak ari dira jaialdiak egiten. Ormaiztegin esaterako, herrialde ezberdinetako mozorroekin atera dira umeak, eta guraso eta senideen aurrean ikuskizun koloretsua egin dute kiroldegian. Ordiziako Jakintza ikastolakoak berriz, kalera atera dira desfilean. Zaldibian, Gabirian, Ataunen eta Zegaman ere egin dituzte jaialdiak, besteak beste.
Lintx eta Segurako hartza
Goierriko inauteriaren pertsona nagusietako bi, Lintx eta Segurako hartza, gaur arratsaldean etorriko dira. Legazpin ikastetxeetako umeek desfilea egingo dute 16:00etan, eta ondoren, Lintxen etorrera ospatuko dute. Seguran berriz, 18:30ean egingo dute hartzaren etorrera.
Dantza taldeen desfileak
Bihartik aurrera ere, inauteriekin lotutako ekintza ugari izango dira Goierriko herrietan. Hainbat dantza taldek, urteroko desfileak egingo dituzte, gehienek, euskal inauteriak oinarri hartuta. Urretxu-Zumarragan, esaterako, Lurra dantza taldea goizetik ariko da baserriz baserri; eguerdian berriz, herrigunean egingo dute mozorrotuen topaketa. Beasainen ere, Ostadar dantza taldea arduratzen da desfile herrikoia antolatzeaz; 10:30ean aterako dira, Oriamendi kaletik. Legazpin berriz, Luzaideko inauteria konpartsa aterako da igandean, goiz eta arratsaldez.