Goiz Deia Txistulari Taldeak eta Doinua Musika Eskolak inoiz baino elkarlan sendoagoa dute. Txistularitza indartzea dute helburu, gazteak erakarriz eta garai berrietara egokituz.

Aitor Madina eta Iker Azpeitia
Garai batean musika eskolen instrumentu eskaintza nahiko mugatua izaten zen. Txistua, esku soinua, pianoa eta biolina: horien artean aukeratu behar izaten zuten ikasleek. Gaur egun, ordea, nahi adina dituzte aukeran, eta instrumentu batzuk ia desagertzera iritsi dira musika eskoletan; esaterako, esku soinua. Testuinguru horretan, erronka mardula dute Legazpiko Doinua Musika Eskolak eta Goiz Deia txistulari taldeak: txistuari presentzia ematea, eta Legazpin txistularitzak aurrera egin dezan lan egitea.
Iker Azpeitia Goiz Deiako zuzendaria da 2015eko irailaz geroztik. Aitor Madina, berriz, musika eskolako txistu irakaslea. Biek ala biek, bizi osoan jo dute txistua, eta ez lukete inondik inora instrumentua galtzerik nahi. Hori dela eta, ikasturte honetan txistulari taldearen eta musika eskolaren arteko elkarlana sendotzea erabaki dute. Musika eskolan txistua ikasten duten gaztetxoak txistulari taldera bideratzea dute helburu, bi arrazoirengatik: txistu ikasleei irteera bat emateko, eta txistulari taldeak jarraipena izateko.
Hain zuzen ere, jauzi hori bideratzea eta bidea leuntzea bilatzen du gutxika sendotzen ari diren elkarlanak. «Aitorrek ikusten du zein ikaslek eman dezaketen txistulari taldera pasatzeko pausoa, eta gure entseguetara etortzen hasten dira», azaldu du Azpeitiak. Kalejiretan jotzen dituzten partiturak pasatzen dizkio Madinari, eta hark ikasleekin lantzen ditu. «Modu horretan, txistulari taldearekin entseatzera joaten direnean, errazago jarraitzen dute erritmoa, eta gusturago sentitzen dira», esan du Madinak.
Taldekide berriak dituzte
Aurten Doinua Musika Eskolako bi ikasle hasi dira Goiz Deian jotzen: Igor Santamaria eta Xabier Ugarte, biak hamalauna urtekoak. Goiz Deiarentzat pozgarria da taldekide berriak izatea, azkeneko txistularia orain dela sei bat urte sartu baitzen. Izan ere, azken urteetan ez da txistu ikaslerik izan. Ikasturte honetan sei ikasle ditu Madinak, zortzi urtetik 75era bitartekoak.
Bestalde, badute beste taldekide berri bat ere Goiz Deian: Jon Mikel Murua ormaiztegiarra, aspaldian Legazpin bizi dena. Guztira dozena bat taldekide dira. «Azkeneko kalejiran hamar bat irten ginen; aspaldian ez ginen hainbeste irtetzen», azaldu du Azpeitiak.
Badirudi, hortaz, txistularitzak baduela etorkizuna Legazpin. Lore berriak bai, behintzat. Pizgarri horrekin, taldea indartzea du helburu Azpeitiak. Txistua kalera atera nahi du, presentzia eman, eta herritarrek ikus dezatela txistuarekin kalejirak baino gauza gehiago egin daitezkeela.
Helburu hori lortzeko bidean, hainbat ideia ditu Azpeitiak. Esaterako, betiko kalejirez gain, txistulari taldeak abesti berriak jotzen ikastea du xede. Dagoeneko ari dira partitura berriekin entseatzen. «Ez diogu gure buruari datarik jarri nahi, baina, errepertorio berri bat osatzen dugunean, herriko tabernetan kontzertu batzuk eskaintzea dugu buruan», azaldu du zuzendariak. Txistuari espazio berri bat eskaini nahi diote modu horretan.
Garai berrietara egokitzen
Izan ere, txistua desagertzea nahi ez badute, garai berriei egokitu beharra dutela uste du Azpeitiak. Azkeneko lauzpabost urteetan, esaterako, Santa Zezilia eguneko kontzertuan beste instrumentu batzuekin batera egin dute emanaldia. Adibidez, pianoarekin edo gitarrarekin batera jo dute. «Beste instrumentu batzuekin jotzeak asko janzten du txistua, eta jendeari erakargarriagoa egiten zaio; ezinbestekoa da formula berriak bilatzea».
Bestalde, txistuak bizirik jarraitzeko ikasle berriak behar dituztela jakitun, haurrengana iristeko saiakera ere egin nahi dute. Horretarako, ikastetxeetan erakustaldiak egitea pentsatu dute. Instrumentu bat aukeratzeko adinean dauden haurrei eskaini nahi dizkiete erakustaldiak, txistua ere aukera ona izan daitekeela ikus dezaten. «Beste instrumentu batzuekin batera egingo genituzke erakustaldiak, erakargarriagoa izateko».
Ekitaldi guztietako osagaia
Azpeitia eta Madina bat datoz txistuaren garrantzian. Izan ere, txistua presente izaten da ospakizun eta ekitaldi gehienetan: dantza saioak, omenaldiak, ezkontzak, goiz eresiak… «Maiatzaren 3a da legazpiarrontzako egunik garrantzitsuena; pentsa zer izango litzatekeen egun hori txistularirik gabe», dio Azpeitiak, txantxetan. Izan ere, aspaldiko figura da txistulariarena. Legazpiko taldea 1962an sortu zen, baina, aurretik, udaleko funtzionarioek zuten ekitaldietan txistua jotzeko ardura.
Garrantzia horretaz ohartuta, gogoz ari dira lanean bai musika eskola eta bai txistulari taldea, txistuak Legazpin bizirik iraun dezan. «Desagertu behar bada, desagertu dadila, baina ez dadila izan guk ezer egin ez dugulako», dio Madinak, erdi brometan. «Gizartea etengabe aldatzen da, eta inork ez daki hemendik hogei urtera txistuaren egoera zein izango den; baina ziur nago Iker eta ni hemen gauden bitartean, behintzat, desagertu ez dela egingo».