Emakumearen aldeko aldarria egin dute Ataunen
Martxoaren 8ko iluntzean, atzo, ataundar talde bat udaletxe aurrean elkartu zen, San Martin auzoan. Emakumearen aldeko atxikimendua adierazi zuten, elkarretaratzea eginda. “Martxoak 8 egunero” dela aldarrikatu zuten, emakumeen eskubideak urte guztian, une oro eta toki denetan defenditu eta errespetatu behar direla gogoraraziz. Emakumezkoak eta gizonezkoak elkartu ziren.
Biboletak Ataungo Emakumeen Taldeak aste honetarako antolatu duen ekitaldi sortako lehenbizikoa izan zen atzoko bilkura. Gaur (asteazkena), Bilgune Feminista elkarteko Edurne Epeldek hitzaldia egingo du, udaletxean 18:00etan: Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat egingo du.
Ostiralean afaria dute, Aiako Aitzarri elkartean, 21:00etan. Izena emateko azkeneko eguna gaur da, Aitzarri, Sutegi, Urbieta, Atseden-Toki edo Troskaeta taberna-elkarteetan.
Larunbatean, azkenik, Oargin kafea hartzeko elkartuko dira, 15:30ean. Feminismoari buruzko dokumental bat ikusteko aukera izango da, Ernai-ren eskutik.