Jasoko langileek manifestazioa egin dute hitzarmenaren alde
Itsasondokok Jaso enpresako langileak astebeteko greba egiten ari dira, “lan hitzarmen duina” eskatzeko. Bost hilabete daramatzate enpresako zuzendaritzarekin negoziatzen, 2015ean indarrean zegoen hitzarmena berritzeko. Enpresak negoziatzeko jarrerarik ez duela agertu salatu dute, eta pasa den astean bi lanuzte egin ondoren, grebara jotzea erabaki dute. Batzarraren %80ak baiezkoa eman zion greba deialdiari, eta LAB, ELA eta CCOO sindikatuen babesa du.
Iñaki Oiarbidek Langile Batzordearen izenean azaldu duenez, “eskatzen ari garena batzordeak erabaki zuena da, hau da diruaren edo igoera salarialaren aurretik gai sozialak lehenestea”. Hala, “nomina berdintzea” eskatzen dute, eta horrek, “0,1eko igoera bakarrik” suposatuko luke enpresarentzat. Horrekin batera, bajen gaia zehaztea eskatzen dute eta Goierriko enpresen bataz bestekoaren araberako planteamendu bat egin diote zuzendaritzari. Hauen erantzuna ordea ezezkoa izan dela dio Oiarbidek.