Panda Raid lasterketako kideak basamortuan dira jada
Asteburuan ekin zioten lau goierritarrek Panda Raid lasterketari; Joseba Berasategi eta Jon Zubiaurre lehengusuak batetik, eta Manex Mendizabal eta Aitor Ordozgoiti bestetik. Larunbat goizean Madrilen egiaztapenak egin eta gero, Algecirasera abiatu ziren, biharamunean, ferrya hartzeko. Lasterketa berriz, ofizialki Tangerren hasi zuten. Aurreneko egunean mendi aldetik ibili ziren eta 1.200 metroan egin behar izan zuten lo; “elurra eta hotz handia” bilatu zituzten bertan. Maroko kontraste handiko lurraldea da ordea, eta goi mendietatik desertura pasa dira denbora gutxian. Ibilbidean zehar, bertako umeei eskola materiala ere banatzen ari dira.
Panda Raid lasterketan parte hartzen ari diren goierritarrak Facebook bidez egiten ari dira jarraipena, Puntarik punta #204 izenarekin. Lasterketaren jarraipena berriz, Panda Raid probaren webgune ofizialean egin daiteke.