Horixe da goierritarrek ekaineko Gure Esku Dagoren kontsultan erantzun beharko dutena. Legazpiko Latxartegi aretoan aurkeztu dute galdera gaur goizean, Goierri osotik hurbildutako herritarren aurrean.
Latxartegi bete egin da Gure Esku Dagok egindako deialdiari erantzunez. Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenaren bidean ekainean Goierrin galdeketa egiteko asmoa kaleratu zuten eta gaur galdeketa horren mamia zen argitzeko, hau da, galdera. Ekitaldi laburra baina hunkigarria izan dea, hasiera-hasieratik. Aitor Furundarenaren eskusoinuak ireki du, Xabier Leteren Haizea iparralderantz doa abestiarekin. Inaxio Usarraldek hartu du ondoren hitza, eta berak gidatu du ekitaldi osoa. Bertaratutakoei ongietorria eman, eta galdera erabakitzen jardun duen batzordeko 27 kideak gonbidatu ditu oholtzara. Horietako lauk prozesua nola bizi izan duten kontatu dute: urduritasuna, ardura, motibazioa, demokraziaren sena, adostasuna, partehartzea… izan dira entzun diren hitzetako batzuk.
Larraitz Zubeldiak eta Anjel Oiarbidek hartu dute gero hitza, orain erabakitze fasea irekitzen dela iragartzeko. Galderari baiezkoak ala ezezkoak irabazteak ez duela garrantzirik azaldu dute, partehartzea bera dela garrantzitsua.
Galdera aurkeztu duen bideoa etorri da ondoren. Bideoan, Goierriko Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidearen alde Elkarrekin dinamikaren baitan jarraitutako prozesuaren berri eman du. Ehuntze fasea izan zuen lehenik, galdeketaren aldeko sinaduraren bilketarekin: 70.000 biztanle ditu Goierrik, 6.000 sinadura behar ziren, eta 8.700 inguru lortu ziren. Adoste fasea etorri zen gero, otsailean hasi eta gaur bertan amaitu dena: Goierriko 27 lagunez osatutako galderaren batzordeak hainbat bilera egin ditu fase honetan, goierritar asko eta askoren ausnarketak jasoz. Orain, galderarekin batera, azken fasea hasten da: erabakiarena. Ekainean da egiteko galdeketa, eta hauxe da galdera: Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? Txalo zaparradaz hartu dute Latxartegin galderaren berri.
Gaurko ekitaldia amaitzeko, azken fase honetan bideko lagun izango den Gurea da erabakia abestiaren bideoklipa proiektatu dute, eta bertaratu guztiekin argazkia atera da Latxartegi kanpoaldean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.