Mailua, berriro lanerako prest
Mirandaolako burdinolako mailua geratu egin dute konponketa lanak egiteko. Egurrezko pieza berriak eta metalezko egitura bat jarri dizkiote, bere lekutik ez mugitzeko. Asteburuan berriz ere martxan izango da.
Aste Santutik irailera, igandero egiten du lan. Astean zehar ere, sarritan. Ehunka urte izan arren, langile fina da Mirandaolako burdinolako mailua. Eta ez du lan makala; ahalegin handia egin behar izaten du bere burua altxatzen, ia 400 kilo pisatzen baititu. Pasa den asteburuan, ordea, merezitako deskantsua eman diote: konponketa lanak egiteko, geratu egin dute.
Normalean olariek eurek egiten dituzte mailuaren mantentze lanak. Azken urteetan eman zaion erabilpen handiaren ondorioz, ordea, mantentze lanetatik haragoko konponketak behar zituen dagoeneko. Birjinia Etxeberria Lenburreko kideak azaldu duenez, mailua lasaituta zegoen, eta martxan jartzen zuten bakoitzean bere lekutik mugitzen zen. Arazoak ekiditeko, egurrezko ziri berriak jarri dizkiote, eta metalezko egitura berri bat gehitu diote.
Ostiralean desmontatu zuten mailua hiru langilek eta bi olagizonek, eta asteburuan zehar egin dituzte konponketa lanak. Ondorioz, asteburu osoan ez dute bisitarik jaso. «Urtetik urtera gero eta bisita gehiago jasotzen ditugu, eta mailua gero eta gehiagotan jartzen da martxan», adierazi du Etxeberriak. «Ondorioz, desgastea ere handia da». Urte osoan zehar, gutxi gorabehera 70 egunetan jartzen dute martxan Mirandaolako mailua, egunean bizpahiru alditan.
Burdinola, 1401ean eraikia
Orain bizimodu lasaiagoa badarama ere, Mirandaolako burdinolako mailuak zirenak eta ez zirenak ikusiko zituen ehunka urtean. Burdinola 1401ean eraikia da. 1822an su hartu zuen, eta ez zuten berreraiki, ez zegoelako konpontzeko adina diru. 1952an, berriz, Patrizio Etxeberriak berreraiki zuen. 1997an, Lenbur sortu zenean, publikoari irekitzea erabaki zuten. Ordutik, lan gogorrik egiten ez badu ere, igandero prest izaten da bisitariei bere indarra erakusteko. Konponketa lan horien ondoren, datorren asteburutik aurrera martxan izango da berriro, parean jarritako piezei kolpeak emateko gogoz.













