«Telleriarteko isiltasuna aprobetxatzen dut idazteko»
Larunbatean 'El transito' dokumentala aurkeztuko du Oskar Tejedor legazpiarrak. Dokumentalaren nondik norakoak kontatu dizkio GOIERRIKO HITZA-ri, eta esku artean duen proiektuaz ere hitz egin du.
Hamabost urte pasa dira Oskar Tejedorrek (Legazpi, 1968) ingeniari lana utzi eta dokumentalen bidez istorioak kontatzeari ekin zionetik. Gustuko du ikus-entzunezkoen bidez errealitatea erretratatzea eta, batez ere, pertsona anonimoen istorio txikiak azaleratzen saiatzen da. Alde artistikoaz gain, dokumentalen aldarrikatzeko gaitasunak erakartzen du. El transito dokumentala aurkeztuko du larunbatean Madrilen. Familia aurrera ateratzeko, beste herrialde batzuetara migratu behar izan duten emakumeen eta haien seme alaben bizimodua erretratatu du.
Zer kontatzen du El transito dokumentalak?
Hegoamerikatik Europara migratzen duten milaka amaren egoera deskribatzen du dokumentalak. Bakarrik bidaiatzen dute, egonkortasun ekonomiko baten bila, seme alabak jatorrizko herrialdean utziz. Amen eta seme alaben arteko elkarrizketen bidez, bi aldeen egoera kontatzen du dokumentalak. Azken finean, bizi osoan eragingo dien egoera bat da. Bidez Bide elkartearekin batera ekoitzi dut. Beharrezkoa ikusten genuen emakume horien egoera azalera ateratzea.
Zer lortu nahi duzu dokumental honekin?
Gaia azaleratu nahi diot gizarteari, jatorriko zein helmugako herrialdeek neurriak har ditzaten. Aldi berean, emakume migratzaileak beren erabakiaren arriskuez ohartaraztea da asmoa.
Zein neurri hartu beharko lituzkete jatorrizko herrialdeek?
Garbi eduki behar da emakume hauek zergatik migratzen duten: beren familien ongizatearen arduradun bakarrak direlako. Zaintzaren betebehar soziala dute. Beren jatorrizko herrialdeetan ez dago familiak babesteko edo ongizate sozialerako politikarik, ezta berdintasunik ere. Emakumeen gain dago seme alaben zein familiako beste kideen zaintza: gurasoak, anai arreba gazteagoak… Familiaren kargu egin ahal izateko migratzen dute.
Eta helmugako herrialdeetan, zein da arazoa?
Hegoamerikako emakume migratzaile gehienek mendeko pertsonak zaintzen edo etxeko lanetan aritzen dira helmugako herrialdeetan —padoxikoki, beren seme-alabak beste batzuen kargu uzten dituzten bitartean—. Helmugako gizarte horiek eskulana behar dute, hutsuneak dituztelako: errealak ez diren kontziliazio politikak, zaintzaz arduratzen ez diren gizonezkoak, mendeko pertsonentzako baliabide urriak… Merkeago ateratzen zaie kanpotar bati lan horiek egiteko ordaintzea, eurek egitea baino.
Nola eragiten du distantziak seme-alaba horien bizimoduan?
Kasu askotan amonek edo ahizpek hartzen dute amaren papera. Rolen inbertsio horrek ezegonkortasuna eragiten du etorkizunean. Amak, ama izateari uzten dio, eta ondasun materialen hornitzaile bihurtzen da. Haurraren zaintzaz arduratzen den pertsonak, berriz, ez du inoiz ama batek adinako autoritatea izango, eta horrek eragiten du haurra egiturarik gabeko eremu batean haztea. Nahiz eta ezin diren egoera guztiak orokortu, eskola porrotak eta drogarekiko adikzio kasuak ohikoak dira.
Zerk txunditu zaitu?
Batetik, amek sentitzen duten frustrazioak eta inpotentziak, beren familiarekin egon nahi dutelako. Bestetik, amaren hutsuneak seme-alaba batzuengan eragiten duen babesgabetasunak. Dena den, dokumentalean jasotzen ditugun istorioak gogorrak izan arren, esperantza transmititzen saiatu gara.
Lau urte eman dituzue proiektuarekin. Nolakoa izan da prozesua?
Bidez Bide elkartearekin batera hasi nuen proiektua, duela lau urte. Lan handia egin behar izan dugu finantziazioa lortzeko. Bitartean, gaiarekin lotutako bi aurrekari ekoitzi ditut Bidez Biderekin: Compañeras de viaje dokumentala eta Atrapados film laburra. Transito dokumentalaren grabaketak Nikaraguan eta Hondurasen egin ditugu. Bestalde, Donostian, Lasarten, Zarautzen eta Madrileko zein Hondarribiako aireportuetan errodatu dugu. Prozesuaren zati guztietan parte hartu dut: ideiaren garapena, gidoia, produkzioa, grabaketak, muntaia… Dokumentalgintzan aurrera egiteko, zuzendariak denetik egin behar du.
Emaitzarekin gustura zaude?
Sortzailea ez da inoiz konformatzen. Ideiak libreak izaten dira baten buruan, baina gero aurrekontuak asko mugatzen du. Bestalde, dokumental bat ezin duzu guztiz gidoi baten arabera egin, bizitza erreala erretratatzen ari baitzara. Horrek etengabe gauzak moldatu beharra eragiten du, sorpresa asko izaten baitira. Dena den, beti saiatzen naiz ikasten eta pertsonen errealitatea onartzen.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Gidoigileok beti dugu proiekturen bat esku artean. Ikertzen eta dosierrak idazten pasatzen dugu bizitza, nahiz eta jakin proiektu asko ez direla inora iritsiko. Orain Perun nago; haurrak zirenean lan egin behar izan zuten pertsonen inguruko dokumentala egin nahi dut, eta irudi batzuk grabatzera etorri naiz. Itzulitakoan, finantziazioa lortzen saiatuko naiz, dokumentala ekoitzi ahal izateko.
Legazpirekin zein erlazio mantentzen duzu?
Legazpirekin ez dut harreman handirik mantentzen, baina bai Telleriarterekin. Bertako isiltasuna aprobetxatzen dut idazteko. Iraganarekin lotura izateak, orainarekin bakean bizitzen uzten didala uste dut. Horregatik, Telleriarteko jaiotetxea nire zilbor hestearen zati bat da.













