Zaindariaren egunean udal ordezkarien soka-dantza, hamaiketakoa eta kanpoan bizi diren askoren topaketa izan da. Erromeriak, patata-tortillek eta dantzek goxatu dute San Prudentzio.
Ostegun buru-zuria izanagatik, edo agian horrexek ematen duen lasaitasunagatik, herritarren arteko festa-eguna izan zen, atzo, Lazkaon. San Prudentzio festaburuan, tradizio kutsuko ekitaldi sortak hornitu du zaindariaren eguna.
Lau txistulariren doinuekin esnatu zen herria, 09:00etan. Prozesioan ermitara joan, han sei apaizek emandako meza entzun, eta santuaren irudiari muin eman ondoren, San Prudentzio ermitaren lokalean hamaiketakoa zerbitzatu zuten.
Eguerdian, bederatzi udal zinegotzi irten ziren plazara, alkatea soka-dantzaren buru zela. Agurra eta zortzikoak dantzatu zituzten, duin.
Lagun arteko topaketarako izaera mantentzen du, oraindik, San Prudentzio egunak. Eguerdiko txikiteoan, bazkaritan edo arratsaldeko jiran, kanpoan bizi diren lazkaotar ugari bildu zen.
Danborradan 70 bat lagun
Atzoko eguna patata-tortilla lehiaketak, erromeriak eta kontzertuek osatu zuten.
Bezperan, helduen danborradan 45 bat upel jotzaile eta 30 bat danborrari atera ziren desfilean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.