Goio Lekuona irakaslea izan da bultzatzaile nagusietako bat. Beasaingo Udalak bere gain hartu du esku liburua euskaratzea. Gaur 19:00etan aurkeztuko dute Igartzan

DBH eta Batxilergoko ikasleek erabiltzen duten Casio ClassWiz kalkulagailu zientifikoek euskaraz ikasi dute. Beasainen bizi den Goio Lekuona informatikari eta matematika irakasle ordiziarraren lanari esker izan da posible kalkulagailua euskaraz erabiltzea. Indarrak batzen jakin du eta Casio enpresa japoniarra komentzitzea lortu dute. Lekuonaren kalkulagailu bildumak beste bi pieza gehiago ditu beraz, euskaraz lan egiteko aukera ematen duen punta-puntako teknologia duten bi kalkulagailu.
Casiok Iberiar Penintsularako egokituta egindako kalkulagailuan, gazteleraren, katalanaren eta portugesaren ondoan dago orain euskara. Erabiltzaileak euskara aukeratu ahal izango du kalkulagailua erabiltzerakoan. Gaur, 19:00etan, Igartzako jauregiko aurkezpenean bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.
Goio Lekuonaren lana
Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteko kide da Lekuona. Horrezaz aparte, «Espainia mailan badago beste talde bat, kalkulagailuen inguruan 12-20 matematika irakaslek osatzen duguna». Casioko arduradunak ere lantaldean aritzen dira: «Casiokoek gure ekarpenak kontuan hartzen dituzte eta oso harro nago talde horretako partaide izateagatik». Duela pare bat urte, Casiok bere tresnetan hizkuntzaren arloa landu behar zuela erabaki zuen. «Nik berehala proposatu nuen euskara ere sartzea. Hasiera batean prest zeuden, katalanarekin eta gaztelerarekin batera sartzeko». Japoniako arduradunek, ordea, ez zuten egoki ikusi euskarari lekua egitea, «Euskadi oso merkatu txikia zela eta». Orduan, portugesa sartu zuten, kalkulagailua Iberiar Penintsula osorako zabalduz.
Baina Lekuonak ez zuen etsi, eta azkenean lortu zuten Japoniako Casioko arduradunek amore ematea. «Nik bakarrik ezingo nuela eragin pentsatuta, inguruko guztiak konbentzitu nahian hasi nintzen. Beasaingo Udala sartu zen, EMIE elkartea, Eusko Jaurlaritza, Berritzegu-neak… Denon indarrarekin lortu dugu eta oso pozik nago».
Astelehenean Eusko Jaurlaritzak egin zuen aurkezpenean izan zen Lekuona eta Espainiako Casioko arduraduna ezagutu zuen, «eta esan zidan Goio Lekuona izena ezaguna zela Japonian», dio irribarrez.
Beasaingo Udala ere eragile
Beasaingo Udalak ere lagundu du euskarazko kalkulagailuaren proiektua aurrera ateratzen. «Arrisku bat hartuz, Casio kalkugailua euskaratu dugu. Beasaindar bezala harro sentitzeko modukoa da», dio Aitor Aldasoro alkateak.
Aurreko abenduan hartutako «arriskua» izan zela gogoratu du: «Beasaingo Udalak hartu zuen bere gain Casio kalkulagailuaren itzulpena, proiektua aurrera aterako zen ala ez. Jaurlaritzaren eskutik eta Matematika Elkartearen eskutik lortu dugu Casiok aintzakotzat hartzea, garatzea. Gure itzulpena erabili dute hein handi batean… hor egotea eta hizkuntza hor kokatzea harro egoteko modukoa da. Asmatu egin dugu», gaineratu du. Aitziber Iurrebaso beasaindarrak egin du eskuliburuaren itzulpen lana.
Euskararentzat lorpen handia dela uste du, «lehenengo euskarazko kalkulagailuak dira, eta bide bat irekitzen da eta guretzat esparru edo mundu digital horretan egotea garrantzitsua da», nabarmendu du alkateak.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordearentzat ere, aurrerapauso garrantzitsua da euskarazko kalkulagailua euskararen normalizaziorako. «IKTetan bizi gara gaur egun, eta batez ere gazteak. Teknologia horietan bizi garelako, hain zuzen ere, teknologia horiek bai edo bai jakin behar dute euskaraz. Bestela, bigarren mailara eta menpekotasunera kondenatuko genuke gure hizkuntza».
Tresna «oso ona»
Kalkulagailuetan egin du euskarak lehenengo urratsa, baina dagoeneko, Casioren beste produktu batzuetan ere lekua egitea lortu du. Era berean, Lekuona harrituta dago euskarazko kalkulagailuaren aurkezpenak izan duen oihartzunarekin.
Lekuona bera aditua da kalkulagailuetan eta «oso oso tresna ona» dela jakinarazi du, funtzio askokoa, punta-puntako teknologia duena. Ikasturte berriari begira, ikasleentzat tresna oso erabilgarria.