Hainbat herritako La Salle ikastetxeetako ikasleak egun osoko festa egitarauaz gozatzen ari dira Beasainen.
Bazkalondoren puzgarrietan ibiltzeko aukera izan dute ikasleek
Lehen Hezkuntzako Izartxo Aisialdi Taldeen topaketa ari dira gaur ospatzen Beasainen. Herriko taldeaz gain, Donostia, Irun, Bilbo, Sestao, Eibar, Zarautz eta Andoaingo ikasleak ere etorri dira. Topaketa hauen helburu nagusia elkarren artean harremanak sendotzea da. Mikel Garcia Beasaingo La Salleko Izartxo taldearen arduradunaren esanetan, “guztira 400 bat lagun” elkartu dira.
Egun osoan zehar, ekitaldi ugariz gozatzen ari dira. Hasteko, 10:30ean, harrera eta ongi etorria egin zaie taldeei La Salle ikastetxean, eta jarraian, agurra egin zaie Andre Mari Zeruratuaren Parrokian. 11:30ean, ginkana proba egin dute Loinazko San Martin plazan eta Nafarroako Etorbidean. Ondoren, 13:30ean, bazkari herrikoia burutu dute ikastetxean. Bazkalondoren, berriz, eskulan tailerretan parte hartzeko eta puzgarrietan ibiltzeko aukera izan dute ikasleek.
Garciaren esanetan, “apur bat kezkatuta” egon dira goizean eguraldiagatik. Hori dela eta, 12:30erako aurreikusita zuten apar festa bazkalostean egin dute. Dena den, eguraldiak eusten zuela ikusita, arratsaldeko prestatu dituzten jarduerak normaltasunez gauzatzen ari dira, eta “balorazio positiboa” egin dute egunaren inguruan, haurrak elkarrekin oso ongi pasatzen ari direla azpimarratuta.
Egunari amaiera emateko, dantzaoke-dantzaldia egingo dute, 17:15etik 18:15era , Loinazko San Martin plazan.