Minbizia duten haurrei gizarte-aupada emateko festa izango da larunbatean Lazkaon
Gipuzkoako haur minbizidunen familien Aspanogi elkarteak eta NerGroup enpresa taldeak elkartasunezko festa bat antolatu dute, uztailaren 2rako, Lazkaon. Gaixorik dauden haurrei gizartearen berotasuna emateko, batetik, eta Aspanogik egiten duen lana eta daukaten egoera erakusteko, bestetik, egun osoko jaialdia izango da, larunbatean 09:00etatik aurrera.
Goizean, Esparru mendira igoerak izango dira: oinez (lehiaketa kutsurik gabe), korrika eta bizikletan. Korrika lasterketan, adibidez, Maite Maiora eta Iñigo Lariz atletak aterako dira. Baina herrikoia da, edonork parte har dezake.
Ondoren, “familia giroan gozatzeko” ekitaldiak hasiko dira. 10:30etik 11:30era herri kirolak egingo dituzte, Lazkaoko plazan. Haurrentzat tailerrak, puzgarriak eta apar festa (11:00-13:00), sari banaketa (13:00), herri bazkaria (13:00etan, paella eta anburgerra), magoa (15:30), puzgarriak eta apar festa (16:30), Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak (17:30) eta Lazkao Txiki musika eskolakoen kontzertua (19:30) jarri dituzte, egitarauan.
Bazkarirako txartelak (6 euro) Lazkaoko tabernetan salgai daude, Alboka, Nerea, Zelata, TPT, Batzokia, Herrikoa, Amets eta Giroa tabernetan. Pirritx eta Porrotxen Amalur ikuskizunerako sarrerak, berriz, Gerriko liburu-dendan (Lazkao) eta Mirentxu liburu-dendan (Beasain).
Aspanogik NerGroup taldearen laguntza jaso du. Gastuak finantzatzeaz gain, taldeko enpresetako 45 langilek boluntario lanak egingo dituzte. Denera 150 bat lagun ariko dira, Lazkaon, boluntario. Biltzen den dirua Aspanogi elkartearentzat izango da.
Festa, urtebeteko “prozesu” baten hasiera ere bada. 2017ko uztailean Roth-eko triatloian (Alemania) parte hartuko dute hainbat ordezkarik. Atleten prestaketa, eguneroko ahalegina eta emaitzaren gazi-gozoekin irudikatu nahi dute minbizia duten haurrek daukaten borroka.
Larunbateko jaia gaur aurkeztu dute, Lazkaoko udaletxean. Han izan dira Aspanogiko lehendakari Bittor Andonegi eta gizarte laguntzaile Nekane Lekuona, NerGroupeko Gizartearekiko Konpromisoaren lantaldeko koordinatzaile Juanje Anduaga, Lazkaoko alkate Felix Urkola, jaialdiaren ideia proposatu zuen Joseba Arratibel eta Etor Mendia kirol prestatzailea.