Orain arteko jazzaldirik onena
Arama Jazz elkartea «oso gustura» dago Goierriko Jazzaldiaren laugarren edizioak eman duenarekin. Bai ikus-entzule aldetik bai musikarien mailaren aldetik jazzaldirik osoena izan dela nabarmendu dute.
Goierriko Jazzaldia hazten eta hazten ari da urterik urte. Laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta lehen aldiz, lau eguneko egitaraua prestatu dute Arama Jazz elkarteko kideek. Formatu txikiko kontzertu eta entzunaldiekin girotu dute asteburua, larunbateko egun handiarekin jaialdia borobildu asmoz, eta antolatzaileek asmatu izanaren uste osoa dute. Larunbateko giro eguzkitsuak ere lagundu du, noski, hausnarketa hori egiterakoan.
«Oso-oso ondo atera da dena. Orokorrean hitz eginda, orain arteko jazzaldirik onena izan da, bai ikus-entzuleen aldetik, eta baita musikarien eta taldeen mailarengatik ere», adierazi du Arama Jazz elkarteko Urtzi Etxeberriak. Larunbateko kontzertuak aire librean izan ohi dira Aramako parkean arratsaldean eta Ordiziako Barrena parkean gauean, eta aurten eguraldiak ez du kalerik egin.
Emanaldi jendetsuak
Asteazkeneko pintxo potearekin batera hasi zen jazzaldia, Ordiziako Musika Eskolako Barrena Big Band taldearekin. Angel Manriqueren jazz musikaren historiari buruzko entzunaldia «espero baino hobeto» atera zen, eta ostiraleko Ordiziako bi kontzertuak «arrakasta» hitzarekin laburbil daitezke, baita larunbatekoak ere. Egun horretan bi goierritar aritu ziren oholtzan: Mikel Urretagoiena ordiziarra eta Fredi Pelaez lazkaotarra.













