Eneko Agirrezabal, 30 urteko korrikalari segurarra protagonista izan zen atzoko Behobia-Donostia lasterketan. Lehenengo gipuzkoarra izan zen, zazpigarren postuan iritsita.

Eneko Goia, Carlos Castillejo irabazlea eta Eneko Agirrezabal.
Eneko Agirrezabal, 30 urteko korrikalari segurarra protagonista izan zen atzoko Behobia-Donostia lasterketan. Lehenengo gipuzkoarra izan zen, zazpigarren postuan iritsita.
Esperantzarik ba al zenuen hain aurrean ibiltzeko?
Bai, duela bi aste Lasarten irabazi egun nuen. Aurretik ere Hiru Hondartzetako lasterketa egin nuen eta ondo ibili nintzen. Ikusten nuen ondo nengoela.
Zein helbururekin joan zinen?
Helburua zen ahalik eta denbora onena egitea, baina denbora baino gehiago postu on bat egitea nahi nuen, lehenengo gipuzkoarra izatea.
Postuari dagokionean helburua lortu duzu eta denborari dagokionean?
Bai, ez diot garrantzia handirik ematen baina pixka bat harritu nintzen denbora ona egin genuela iruditu zitzaidan. Ez zitzaidan iruditzen hain azkar gindoazenik. Azkenean oso denbora onak egiten genituen.
Korrikarako giro egokia izan zenuten.
Bai, eguraldia alde izan genuen. Euri pixka bat egin zuen, haizea zertxobait kontra… baina oso ondo.
Gogorrena zer egin zitzaizun?
Hasiera aldea egin zitzaidan gogorrena. Irungo irteeran badaude Bentatako aldapak, sufritu egin nuen, atzera gelditu nintzen pixka bat. Sentsazio txarrak izan nituen. Baina gero buelta eman nion eta aurrekoak harrapatzen joan nintzen. Azkeneko bukaerako kilometroa ere nahiko gogorra egin zen.
Zenbatgarren aldiz parte hartu duzu?
Laugarren aldiz parte hartu dut aurten, baina serio entrenatuta aurten izan da lehenengo aldia. Aurreko aldietan lasai atera nintzen.
Hurrengo urteetan lehiatzeko asmoarekin joango zara edo nahiago duzu lasai joan.
Ez dut uste datorren urtean berriz egingo dudanik, ikusi egin beharko da. Beste urteren batean parte hartuko dut, baina urtero ez dut uste. Eta pentsatzen dut berriz joaten banaiz, serio prestatuta joango naizela.
Podiuma zaila al dago?
Bai, zaila da baina ez dut uste ezinezkoa denik. Kanpotik etortzen den jendearen arabera izaten da hori. Baina urte batzuk izaten dira nahiko posible izan daitezkeenak karrera ona eginez gero. Helburu hori edukitzea ondo legoke.
Txikitan anaiarekin eta amarekin, aita lasterketan ikustera joaten zineten. Orain alderantziz, zu korrika eta gainerakoak zu ikusten.
Bai, aita joaten zen eta gu urtero-urtero joaten ginen ikustera. Bere marka hobetu dut dagoeneko.
Korrika zertan aritzen zara?
Neguan krosetan ibiltzen naiz, eta errepideko lasterketaren bat. Udaberri eta uda aldean, pistan ibiltzen naiz, 15.000, 10.000 eta 3.000 metrotan. Denetik pixka bat. Asfaltoa orain arte ez dut askorik egin baina orain pixka bat gehixeago hasi naiz. Denetik egitea gustatzen zait. Baina atletismoan hobetu dezakedan bitartean horrela jarraituko dut.