Motorzaleen festa egingo dute bigarren urtez Mutiloan eta egun osoko ekitaldiak antolatu dituzte. Ibilgailu zaharren erakusketa, otorduak eta musika saioak izango dituzte, besteak beste
Motorren burrunbak hartuko ditu bihar Mutiloa eta inguruak, izan ere, motorzaleen bilgune bihurtuko da, II. Txerri Motor Fest jaialdiarekin. Egun osoko ekitaldiak antolatu dituzte, motorra, eta musika oinarri hartuta.
Duela bi urte antolatu zuten jaialdia aurrenekoz, eta orduan ere, Mutiloan elkartu ziren. Izena ere, Mutiloako ‘txerri gorriei’ erreferentzia eginez asmatu zuten. Mutiloan bizi den Jose Luis Amatriain segurarra aritzen da antolaketa lanetan. «Orain bi urte hasi ginen emaztea eta biok. Motorzaleen konzentrazio asko egiten dira, baina Gipuzkoan ez hainbeste, eta neguan are gutxiago. Horregatik hasi ginen garai honetan egiten». Hala, inguruko motorzaleen artean «ahoz aho» zabaldu dute deialdia eta «jende dexente» biltzea espero dute.
Motorzaleak ez ezik, motor mundua gustuko duen jendea ere etortzea espero dute. Izan ere, aurten, amerikar autoen eta moto klasikoen erakusketa ere jarriko dute. Horrez gain, arratsaldean eta gauen, rock kontzertuak izango dira.
Bazkariko txartelak 10 euroan salduko dituzte, eta afarikoak 5 euroan. Garagardoak, berriz, euro batean izango dituzte salgai. Gauerako, kanping gune estalia ere jarriko dute, bertan lotan gelditu nahi dutenentzat.
EGITARAUA
· 10:00. Festaren hasiera. Egun osoan zehar, amerikar autoen eta moto klasikoen erakusketa izango da, herrigunean.
· 11:00. Moto ibilaldia.
· 14:30. Bazkaria.
· 16:30. Txerri jolasak.
· 18:30. Ordiziako Musika Eskolako Rock taldearen saioa.
· 22:00. Afaria.
· 00:00. Kontzertua, Nazarenos del Norte taldearekin.