Olentzero lagun, kantu eskean
Goierriko txoko guztietara iritsiko da bihar Olentzero; egun lanpetua izango du, Gabon eskean lagundu eta gero opariak banatu behar dituelako. Baserri auzoetan berezia da Gabon eskea, tokian tokiko kantekin askotan.
Goierriko herri askotan izan da dagoeneko Olentzero haurren gutunak jasotzen, baina biharkoa da, abenduaren 24a, bere eguna. Goiz eta arratsaldez herri eta auzo ugaritan zehar herritarren Gabon kantuez lagunduta ibili eta gero, opariak banatzeari ekingo dio iluntze aldera. Biharamunean zalaparta, ilusioa, harridura eta poza, baita malkoak ere, izango dira nagusi etxe gehienetan, txikiak daudenetan bereziki, hark utzitakoak edo ez utzitakoak ikusitakoan. Olentzero, ordurako, atseden hartzera joanda izango da.
Ondo merezitako atsedena, gainera, abenduaren 24a egun luzea izaten duelako. Goizean goiz abiatuko da herri batzuetan eta beste batzuetan berandu amaituko du iluntzean. Ia egun osoa igaroko du Gabon errondak egiten, herritar ugariz inguratuta eta kantuekin eta musikarekin Eguberri zoriontsuak izateko mezua zabalduz. Goierriko herri gehienetan du Olentzerok hitzordua biharko. Denetara iristeko nahiko lan izango du, baina lortuko du.
Baserri auzoetan kantuan
Bestelako Gabon eskeak izaten dira, aldiz, baserri giroko auzo eta herrietan. Olentzero gogoan bai, eramaten dute, baina ez dute haren beharrik izaten baserri guztietara Gabon kantak eramateko. Tokian tokiko kantak izaten dira gainera leku askotan: Zaldibian, Lazkaon edo Brinkolan esaterako.













