Javier Ruiz de Larrinaga eta Eider Merino irabazle Ormaiztegin
Historikoen baimenez, Javier Ruiz de Larrinaga eta Ormaiztegiko ziklo-kros proba bat eginda geratuko dira. Larunbatean, Urtezahar egunez, zortzigarren aldiz irabazi zuen 37 urteko ametzagarrak zubipean. Goiz-eguartean jokatu zen 46. Ziklo-Krosa, estatuko zaharrena; seitik bat Larrinagarenak dira. Bere merituz eta kemenez irabazi ere. Ismael Esteban espainiarra zen faborito, baina bigarren itzulirako buruan zen Larrinaga. Azkenerako, Estebanek bizikletarekin arazoak eduki izana ere mesederako izan zuen. Ordubeteko lanean, Larrinagaren atzetik Aitor Hernandez ermuarra —iazko garailea— sailkatu zen bigarren; Legazpin eta Beasainen ere txapeldunorde izan zen. Hirugarren sartu zen Ismael Esteban, 37ra.
Ion Izagirreren oparia
Ormaiztegiko ikusleentzat opari berezia egin zuena Ion Izagirre izan zen. Movistar taldean hiru urteko ibilbideko azken eguna zuen, eta herkideen aurrean eta herriko ziklo-kros proban ospatu nahi izan zuen. Agurain bizilekutik errepideko bizikletaren gainean etorri zen; bi beteranoko utzi zizkioten ziklo-kroserako bizikleta bana, eta 8. postua lortu zuen helmugan. Zegokion diru saria, gainera, Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkarteari eman dio. Bere presentziaren oparia gutxi balitz, saria ere herrian utzi zuen.
Emakumeetan Eider Merinok (Lointek) ez zuen estuasunik izan. Zaloa Trevilla eta Lierni Lekuona igo ziren podiumera.
Sailkapenak
- Eliteen irekia: 1. J. Ruiz de Larrinaga 1:01:15 2. Aitor Hernandez 1:01:24 3. Ismael Esteban 1:01:52 4. Kevin Suarez 1:03:05 5. Jokin Alberdi 1:03:41.
- Elite neskak: 1. Eider Merino 41:02 2. Zaloa Trevilla 44:06 3. Lierni Lekuona 44:16.
- Juniorrak: 1. Xabier Murias 38:18 1. Luisa Ibarrola 41:56
- Kadeteak: 1. Mikel Orbea 26:44 1. Nahia Eraña 27:11 Masterrak 1. Xabier Mendiaraz 37:16 2. Roberto Vega 37:23 3. Isaak Goikoetxea 37:40.