
Orain dela 19 urte detektatu zioten Garbiñe Aramendi ordiziarrari bularreko minbizia. Egun mediku azterketak egiten ditu maiz, nahiz eta berak esan bezala «normal» dagoen. Katxalin elkarteko kidea ere bada.
Nola jakin zenuen bularreko minbizia zenuela?
Bularrean koxkor bat nuela konturatu eta begiratzera joan nintzen. Onkologikoan txanda eskatu eta Josean Alberro dokto-reak begiratu zidan. Berak jarri zuen aurpegiagatik, segituan konturatu nintzen gauzak ez zeudela ongi. Biopsia bat egin zidaten egun hartan bertan, eta bai. bularreko minbizia nuela esan zidan.
Nola jaso zenuen albistea?
Egia esan lehenengo momentu hartan gogorra izan zen. Baina oso emakume positiboa naiz, eta segituan konturatu nintzen indarra atera eta minbiziari aurre egin behar niola, eta halaxe egin nuen.
Biopsiaren emaitza jaso eta zein izan zen hurrengo pausoa?
Minbizia nuela esan zidatenetik hilabete pasatu zen gutxi gora behera kimioterapia hartzen hasi nintzen arte. Kimioterapiak, ordea,ez zuen tumorea batere txikitu. Alberro doktoreak nirekin hitzegin zuen eta ebakuntza egin beharko zela esan zidan; mastektomia bat egin zidaten.
Errekuperazioa nola joan zen?
Erabaki onena izan zela garbi nuen eta horrek ere animikoki hobe egoten lagundu zidan. Garrantzitsuena nire osasuna da, eta banekien Josean Alberrok lan ona egin zuela, konfidantza osoa nuen beregan. Ebakuntza egin ondoren, kimioterapia eta erradioterapia hartzen jarraitu nuen. Errebisio batean gauzak normal zeudela esan zidaten arte. Eta urte batzuren bueltan bularra berregin zidaten.
Bestelako laguntzarik jaso al duzu?
Bai, nire familia eta asko maite nauten pertsonena. Oso garrantzitsua izan da niretzako beraien konpainia. Bestalde Katxalin elkartekoak ere hortxe izan ditut.
Zer da Katxalin eta zer eskaintzen du?
Emakume Mastektomizatuen Gipuzkoako Elkartea da Katxalin, bularreko minbizia duten edo izan duten emakumeei laguntzea helburu duena. Donostian du egoitza.
Gaur hitzaldia emango duzue, prebentzio azkarraren garrantziaren inguruan. Zergatik dira hain garrantzitsuak diagnostiko goiztiarraren kanpainak?
Gaixotasunaren pronostikoa egin ahal izateak, garaiz sendatzeko aukera ematen du. Diagnostiko goiztiarren bidez gaitza oso txikia denean ikusten dugu, zentimetro erdi baino gutxiago duenean, eta halakoetan ia seguru kirurgiarekin bakarrik sendatu daiteke gaitza.
Zein da bularreko minbizia duen pertsona bati emango zenioken gomendioa?
Bilatu dezala konpainia atsegina: familia, lagunak…ongi egiten dioten pertsonak. Katxalin elkartekoak ere hortxe gaude, laguntzeko prest.
Minbiziaren detekzio azkarra hizpide gaur D’Elikatuz zentroan
Katxalin, bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako emakumeen Gipuzkoako elkarteak, hitzaldia emango du gaur Ordiziako D’elikatuz zentroan, 18:00etan. Ordiziako Udalaren laguntzarekin antolatutako hitzaldia da. Bularreko minbiziaren detekzio goiztiarraren garrantzia nabarmendu eta Osakidetzako detekzio programan parte hartzera gonbidatu zuten Edurne Iruin, Garbiñe Aramendi eta Mari Jose Vazquez Katxalineko ordezkariek, ostiralean, Ordiziako udaletxean hitzaldia aurkeztu zutenean. Bihar Zaldibiako kultur etxean emango dute hitzaldia, 18:00etan.
Bularreko minbizia detektatzeko programa 1995eko azaroan jarri zuen martxan Osakidetzak, Araban eta Deba garaian (Gipuzkoa) zehazki, eta 1997an hedatu zen Euskadiko gainerako lekuetara. 50 eta 69 urte bitarteko emakumeentzat da eta 40 eta 49 urte bitarteko emakumeak ere sartzen dira, beti ere, emakume horiek lehen graduko familiartekoren bat badute bularreko minbiziarekin.
Martxan jarri zenetik eta 2016ko ekainera arte 8.005 minbizi kasu detektatu dituzte Euskadin. Bularreko minbizia tumore gaizto ohikoena da Euskadiko emakumeen artean, baita heriotza gehien eragiten dituena ere. Hala ere, azken datuen arabera, bizi-iraupen tasa gero eta handiagoa da, %87,4koa, alegia. Bizi-iraupen tasa gero eta handiagoa izatearen arrazoietako bat gaitza garaiz atzematea da.