'80ko hamarkada Euskal Herrian' erakusketa Usurbe Antzokian
Lazkaoko Beneditarren Fundazioak 80ko hamarkada Euskal Herrian: politika, gizartea, kultura erakusketa jarriko du ostegunetik hilaren 19ra arte Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Astelehenetik igandera, 19:00etatik 21:00etara egongo da ikus...
Lazkaoko Beneditarren Fundazioak 80ko hamarkada Euskal Herrian: politika, gizartea, kultura erakusketa jarriko du ostegunetik hilaren 19ra arte Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan. Astelehenetik igandera, 19:00etatik 21:00etara egongo da ikusgai.
Lazkaoko Beneditarren Fundazioan gordetzen den materiala oinarri hartuta, 80ko hamarkadako euskal politika, gizartea eta kulturaren nondik norakoak azalduko dituzte erakusketan: «Gure lurraldearen instituzionalizazio berria, gatazka politikoa, krisi ekonomikoa eta langileen borroka, gizarte mugimenduen presentzia (feminismoa, antimilitarismoa, mugimendu ekologista), euskararen alde egindako lana, kultura eta mugimendu berriak».
30 kartel, 200 dokumentu
Kartelak, pegatinak, aldizkariak, panfletoak eta abar jarriko dituzte erakusgai; guztira 30 kartel eta 200 dokumentu baino gehiago. Esate baterako, Euskal Telebistaren lehen programazio aldizkaria, OTANen erreferendumerako papeletak, EMKren hainbat kartel ospetsu, Leitzarango autobiaren aurkako lehen pegatinak…
Azaroan Lazkaon egon zen erakusketa ikusgai.
‘Altxorrak’ erakustaraztea
80ko hamarkada Euskal Herrian erakusketak badu beste helburu bat: Lazkaoko Beneditarren Fundazioan zer nolako altxorrak dituzten gordeta beasaindarrei eta goierritarrei erakustea.
Lazkaoko Beneditarren Fundazioak sei urte beteko ditu; 2011ko udaberrian eratu zuten Lazkaoko Udalak, beneditarrek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.













