Hordagoaren garaia da
Euskal Herriko IX. Mus Txapelketaren finala bihar jokatuko da, Anoetan. Goierriko 9 bikote daude sailkatuta, Gipuzkoako 32en artean. Denera Euskal Herri osoko 128 bikote lehiatuko dira
Euskal Herriko IX. Mus Txapelketa iritsi da benetako jokora. Abenduan herrikako faseari ekin, bitartean Goierriko 22 herritan jokatu eta sailkatu eta Gipuzkoako txapelketa gainditu ondoren, bihar izango da final handia, Anoetan (Gipuzkoa).
Zazpi euskal herrialdeetako 128 bikotek parte hartuko dute: Gipuzkoako eta Nafarroako 32na, Arabako eta Bizkaiko 16na, Nafarroa Behereko 14, Lapurdiko 12 eta Zuberoako sei.
Tartean izango dira Gipuzkoako finaletik igarotzea lortu zuten Goierriko bederatzi muslari bikoteak ere: 16 gizonezko eta bi emakumezko (bikotea osatuz).
Egun osoko jokoa eta festa
Anoetara 08:00etatik 09:00etara bitartean joan behar dute muslari finalistek, izena ematera. Udaletxe aurreko plazan kokatutako karpan jokatuko da. Goizean ligaxka bat jokatuko da, eta eguerdi aldera kanporaketa fasea hasiko da. Kanpora geratzen direnek, I. Mus Azkar Txapelketan parte har dezakete.
Herri bazkariaren eta kantaldiaren ondoren, 20:30a alderako aurreikusi dute finala.
Euskal Herriko mus txapelketako finala
· Tokia. Anoetan (Gipuzkoa), plazako karpan. · Ordutegia. 08:00-09:00, izena ematea. 09:30, harrera ekitaldia. Ondoren, ligaxka fasea. 11:00, hamaiketakoa. 11:30, kanporaketa fasea. 12:00, I. Mus Azkarra (kanporatuentzat; izen-ematea: 5 €; saria: garaikurrak eta 8 otar). 14:00, herri bazkaria. Ondoren, kantu-jirakoen kantaldia. Arratsaldean, azken fasea (udaletxean). 19:00, Mejikortxorekin kantaldia. 20:30, finala (karpan zuzeneko emisioa emango dute).Goierritarrak
· Ormaiztegi 1. Aritz Azpiazu eta Andres Azpiazu. · Ezkio. Felix Etxeberria eta Jon Muñoz. · Lazkao 1. Asier Herrero eta Gorka Herrero. · Legazpi 1. Joseba Gabilondo eta Joseba Telleria. · Segura 4. Iñaki Zabalo eta Urko Larrea. · Zaldibia 2. Idoia Aristi eta Ixa Lizarraga. · Zegama 1. Aitor Azurmendi ‘Roki’ eta Koldo Otaegi. · Zegama 2. Aitor Arakama eta Mikel Goiburu ‘Master’. · Zumarraga 2. Gorka Arratibel eta Gorka Holgado.













