Almitzaren sega ligako bi proba Zaldibian eta Lazkaon izango dira
Euskal Herriko VIII. Sega Liga igandean hasiko da. Aurreko urteetan bezala, Almitza segalari elkarteak antolatu du aurten ere. Nazioarteko eran jokatuko da, eta hiru jardunaldi izango ditu; horietatik bi lehenak Goierrin.Igandean Zaldibian ekingo diote...
Euskal Herriko VIII. Sega Liga igandean hasiko da. Aurreko urteetan bezala, Almitza segalari elkarteak antolatu du aurten ere. Nazioarteko eran jokatuko da, eta hiru jardunaldi izango ditu; horietatik bi lehenak Goierrin.
Igandean Zaldibian ekingo diote segalariek lehiari. Irastortza baserriko belardian ariko dira, 12:00etan hasita.
Bigarren jardunaldia, maiatzaren 28an, Lazkaomendiko Iztueta baserriko zelaietan jokatuko dute, eguerdian hori ere. Hirugarrena eta azkena, berriz, Udabe-Beramendin (Nafarroa), ekainaren 17an, larunbatarekin, 17:00etan.
Helduen mailan, gizonezkoek area bateko eremua (10×10 metro) ebaki beharko dute. Emakumeek, berriz, 35 metro koadrokoa (7×5). Azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dute aintzat epaileek, nazioartean ohi dena.
Gaztetxoen mailei ere indarra eman nahi die Almitzak, harrobia ziurtatze aldera. Bost kategoria bereizi dituzte: 2007an edo geroago jaiotakoak (2x2m), 2005-2006koak (4×4), 2003-2004koak (7×5), 2002an edo geroago jaiotako neskak (7×5) eta 2002an edo geroago jaiotako mutilak (5×10).
Europarako baliagarria
Ohi bezala, Euskal Herriko Sega Ligako sailkapena baliatuko du Almitzak Europako Txapelketara nor joan zehazteko. Ingenbohl-en (Suitza) jokatuko da, abuztuaren 18tik 20ra.
Segalariek euskal ligan izena emateko epea atzo itxi zuen Almitzak (619 270 832).












