Goierrin %13 egin dute gora Lurraldebus zerbitzuaren erabiltzaileek
'Bizi topera, igo Lurraldebusera' kanpaina martxoan jarri zuten martxan erabiltzaile berriak lortzeko asmoarekin. Kanpaina horren barruan zozkatutako erosketa baleak banatu dira
Goierrin garraio publikoa sustatzeko Lurraldebusek martxoaren 15ean abian jarritako Bizi topera, igo Lurraldebusera kanpainaren barruan, Goierriko dendatan kontsumitzeko 100 eurora arteko sariak zituen lehiaketa antolatu zen. Zozketa hilaren 3an egin zen, eta Lucia Jimenez eta Nerea Fernandez gazteak izan ziren irabazleak. Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa diputatu Marisol Garmendiak eta Edurne Rubio Ordizian merkatari elkarteko ordezkariak banatu zizkieten atzo sariak irabazleei, Ordiziako D’elikatuz zentroan.
Garmendiak adierazi zuenez, kanpainaren helburua «ibilgailu pribatua etxean utzita herritarrak joan-etorrietarako garraio publikoa erabiltzera animatzea zen». Kanpainak «onarpen datu onak» izan dituela azaldu zuen Garmendiak, eta «bidaiarien kopuruak gora» egin duela ere nabarmendu zuen. Mugi garraio-txartelaren eskariak gora egin duela ere gehitu zuen.
2017ko lehen hilabeteetan, eta autobus linea horietan, erabiltzaileek «%13 egin dute gora, joan den urteko datuekin alderatuta», eta joan den urtean, jada, «% 40 inguruko gehikuntza handia» izan zela adierazi zuen mugikortasun diputatuak. Lehen hiruhileko honetan, «213.630 bidaiari erregistratu da, hau da, 23.500 bidaiari gehiago izan da joan den urteko kopuruekin alderatuta». «Bide onean» daudela nabarmendu du Garmendiak, eta «Bizi topera, igo Lurraldebusera kanpainarekin garraio publikoa erabiltzearen ontasunak nabarmentzea, oso egokia» izan dela berretsi zuen.
Garraio publikoa lehenik
«Horrelako kanpainak egiten eta mezu horiek azpimarratzen» jarraituko dutela adierazi zuen Garmendia foru diputatuak. atzo Ordizian egindako agerraldian. Duten helburuetako bat «herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzen jarraitzea» dela argitu zuen. Horrez gain, «foru aldunditik, Goierriko herritarren mugikortasunean garraio publikoak lehentasuna izateko lan egiten jarraituko» dutela nabarmendu zuen, «herri- tarrek garraio publikoa erabili dezaten lan egitera joateko, erosketak egitera joateko edo ikastetxeetara joateko».
Azkenik, kalitateko garraio publikoari esker, «autoa etxean uzteko aukera» dagoela adierazi zuen Garmendiak eta hori, gainera, «ingurumenarentzat eta osasunarentzat onuragarria» dela gehitu zuen.













