Europako Txapelketarako bi goierritar sailkatu dira, Altzo eta Maide Garmendia aita-alaba zaldibiarrak. Gaztetan neska onena izan da. Joxe Atin eta Enaitz Agirrezabala atarian geratu dira

Almitza segalari elkarteak antolatutako 8. Euskal Herriko Sega Ligak eman du berea. Larunbatean bukatu zen Udabe-Beramendin (Nafarroa), hirugarren jardunaldiarekin. Zaldibiako eta Lazkaoko saioen ondotik, gizonezkoetan ez da ezustekorik izan, eta Julen Gabirondok irabazi du liga. Nesketan, lider aldaketa izan da azken saioan, eta Ainara Otamendik jantzi du Euskal Herriko nazioarteko eran txapela, Alaitz Imaz gaindituta.
Goierritarrei dagokienez, Migel Mari Jauregi
Altzo zaldibiarra bigarren izan da sailkapen nagusian, eta Joxe Atin gabiriarra zazpigarrena.
Gazte mailetan, nesketan (15-16 urte) Maide Garmendia zaldibiarrak irabazi du. Graxi Elosegi herkidea 4. izan da. Mutiletan (13-14 urte), Arkaitz Gabirondo gazteluarrak jantzi du txapela, eta Enaitz Agirrezabala lazkaotarra 3. izan da.
Euskal Herriko liga, bertako txapelketa izateaz gain, Europako Txapelketarako ere sailkagarria zen. Abuztuaren 18tik 20ra jokatuko da, Ingenbohl herrian, Brunnen eskualdean (Suitza).
18 segalari sailkatuak
Euskal Herria ordezkatzeko, 18 segalari apartatu ditu sega ligak. Horietatik bi dira Goierrikoak: Altzo eta Maide Garmendia aita-alabak.
Gizonezkoetan, honakoek lortu dute txartela: Julen Gabirondo, Altzo, Jexux Mari Goenaga, Bixente Mitxelena, Jon Otegi, Mikel Lizartza, Enaitz Ibabe, Andoni Urrutia, Oier Urkola, Akaitz Sarasola, eta Arkaitz Gabirondo eta Amaiur Arrospide (azken biak 14 urtez beheko mailarako).
Nesketan sailkatuak: Ainara Otamendi, Alaitz Imaz, Ainhoa Mazkiaran, Irati Astondoa, Maide Garmendia (30 urtez behekorik ez zegoelako, 16koa pasa da) eta Amets Otegi (14 urtepekoan).