Gidariei saihesbidea erabiltzea gomendatuko diete udaltzainek
Aurtengo Mugikortasun Astearen ekintzetako bat da. Txorronean jarriko dira. Asteartean Bizikleta Martxa egingo dute Laubidetik hasi eta Mirandaolaraino
Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du Legazpiko Udalak aurtengoan ere. Urteetan ekintzak prestatu ditu astearen harira eta bihartik hilaren 22ra bitartean burutuko dituztenak aurkeztu berri dituzte. Legazpin Mugikortasun Plana aurrera doa eta aurten onartzeko asmoa dauka udal gobernuak. Plan horren ildotik eta Mugikortasun Astea baliatuta, legazpiarrei saihesbidea erabiltzeko gomendioa egingo diete datozen egunotan.
Udaltzainak Txorroneako bidegurutzean jarriko dira eta gidariei nora doazen galdetuko diete, herri barrura sartu beharrean kanpotik doan errepidea erabiltzeko aukera badute, hura erabiltzeko gomendioa egingo diete. Hala eginez gero, herrigunean CO2 isurketa gutxiago egongo dela gogoratu diete eta, bide batez, Legazpi Klima 2030 planarekin bat egingo dutela. 18:00etatik 20:00etara egongo dira Txorronean Udaltzainaku
Bizikleta Martxa asteartean izango da eta iazko moduan Laubiden ekingo diote ibilbideari 18:00etan. Handik Mirandaolaraino joango dira. Haurrak Txorronean batu ahalko dira tropela Mirandaolatik bueltan datorrenean. Martxan Telleriarteko Txirrindulari Elkartearen eta Korostiko zikloturisten laguntza izango dute.
Gidariei oinez nahiz bizikletaz joateko erronka botako diete
Mugikortasun Iraunkorraren Erronka deitu diote Uggasa garapen agentziaren eskutik burutuko duten ekintzari. Urretxun, Zumarragan eta Legazpin oinez zein bizikletaz doazenak zuzenean sarituko dituzte eta autoz doazenei bigarren aukera bat eman eta oinez nahiz bizikletaz joateko gonbitea luzatuko diete irailaren 18tik 22ra.
Mugikortasun Astearen baitan bailaran egingo duten ekintza da. Astelehenean eta ostiralean boluntarioak elizan jarriko dira 07:30etik 09:30era eta 11:30etik 13:00etara; ostiralean hilaren 22an Santa Kruz egoitzaren bidegurutzean jarriko dira.
Urretxun eta Zumarragan ordu beretan bidegorrian, Isabeleko zubian eta Zumarragako elizan jarriko dira asteartetik ostegunera.
Sariak zigiluak izango dira eta zigiluak lortzen dituztenek zozketa batean parte hartuko dute; hain zuzen, kirola egiteko erabiltzen den erloju baten zozketan.













