Kirikoketa baino askoz ere gehiago Igartubeitiko sagardo astean
Ezkioko Igartubeiti museoko XVI. Sagardo Astearen barruan antolatutako Kirikoketa saioa egin dute gaur goizean. Jende ugari hurbildu da XVI.mendeko dolarea martxan ikusteko asmoz, eta baserriko ganbara txiki geratu da.
Antzerki batekin egin diete ongi etorria bisitariei, honen ostean baserrian zehar gidatutako bisita bat egin dute. Bertara hurreratu direnek garai hartan baserria eta baserriko bizimodua nolakoa zen ikusteko aukera izan dute. Honen ostean, sagardoaren prestaketa prozesua ikusi ahal izan dute zuzenean. Herriko eta inguruetako hainbat lagun aritu dira lanean, eta Kirikoketa saioa egin dute; hau da, egurrezko pisoiekin sagarra jo txalaparta moduko erritmoak eginez. Bitartean ikusleak kantuan aritu dira.
Azkenik bisitariak beheko solairura jeitsi eta ikusi duten lanaren fruituak dastatzeko aukera izan dute, zukutu berri zegoen sagar zukua probatu baitute.